Barraskilo espezie berria Arrikrutzeko bisita gidatuan

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko eka. 1a, 11:29

Aurkikuntza berriari buruzko xehetasunak emango dituzte bihar, 10:00etan egingo duten bisita gidatuan. Carlos Prietok emango ditu azalpenak, aurkikuntza egin zuen ikerlarietako batek.

Euskal Herriko Unibertsitateko, Frankfurteko (Alemania) eta Ljubljanako (Eslovenia) ikertzaile talde batek kobazulotako barraskilo espezie berria aurkitu du Oñatiko bi kobazulotan: Sandailin eta Arrikrutz-Oñatiko Kobetan, hain justu ere.

Iaz ekainean egin zuten aurkikuntza Carlos Prieto EHUko zoologia irakasleak eta Frankfurt eta Ljubljanako ikertzaile taldeak.

'Zospeum vasconicum'

Kobazuloetan bizi diren barraskilo lurtarrak dira aurkitutakoak,  Zospeum generokoak. Genero hori, oraingoz, bi lekutan aurkitu da: batetik, Eslovenia, Kroazia eta Bosniako karstean; eta, bestetik, Kantauri mendilerroan eta Pirinioetan. Genero horretako lehen espeziea –Zospeum bellesi– Pirinioetan eta Nafarroako iparraldean aurkitu zuten.

Arrikrutzen bizi den espeziea, baina, orain arte deskribatu gabeko espezie bat da, zientziarako espezie berri bat, eta 1,3 milimetro inguruko luzera du. Oraingoz, deskribapen lanetan dabiltza ikertzaileak eta prozesu guztia bukatu arte ezin dute izendatu. Hala ere, aurkikuntza egin zuen ikerlarietako baten, Carlos Prietoren, asmoa da Zospeum vasconicum izendatzea.

Espezie berri hori ez dago Arrikrutzen bakarrik; Asturiasen hasi eta Nafarroara bitartean aurkitu dute, oraingoz. Nahiz eta Arrikrutzen frogatu den existitzen dela.

Gizarteratu egingo dute

Aurkikuntza berri hori herritarrei ezagutzera emateko asmoz, Arrikrutz-Oñatiko kobetan bisita gidatu bereziak antolatu dituzte biharko, ekainak 2. Carlos Prietok emango ditu ikerketaren gaineko xehetasunak.

Prietok kobazuloko benetako biztanleen gainean egingo du berba: troglobioak. Bizitzaren ziklo osoa kobazuloan egiten duten izaki bizidunak dira, xomorroak gehienbat –araknidoak, barraskiloak, krustazeoak...–. Arrainak eta anfibioak ere badaude, baina Arrikrutzen eta gure ingurunean ez.

Beste gai batzuen artean ondoko gaiak landuko dira bisitan barrena: Zelan moldatu dira kobazuloko baldintza gogorretara?, Arrikrutzen zenbat espezie daude? –batzuk ikusi ere egingo dira–, zelan egiten dira espezie horiek aurkitzeko ikerketak?, zein teknika erabiltzen dira?, eta zehazki Zospeum espezie berri hori aurkitzeko zein lan egin dute?, nola hartzen dira laginak?, eta ze prozesu ematen da espezie berri bat aurkitu eta berri moduan onartzen den arte?...

Izena ematea beharrezkoa da

Aurkikuntza berri hori jendeari azaltzeko asmoz, Arrikrutz-Oñatiko Kobetan bisita gidatu berezia egingo dute bihar, zapatua. Bisitan barrena Carlos Prietok emango ditu azalpenak. Aurkikuntzan zein osteko ikerketan parte hartu duen ikerlari eta EHUko irakasleak.

Bisitaldia dohainekoa izango da eta hiru ordu inguru iraungo ditu. Hain justu ere, 10:00etatik 13:00etara izango da bisitaldia, Pasarelatik abiatuta.

Bestalde, 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta ezinbestekoa izango da erreserba egitea 943 08 20 00 telefeno zenbakira deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak