Juanjo Agirrezabala: "Bakearen gaineko ponentzia itxurakeria egiteko besterik ez da; ez du emaitzarik izango"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko eka. 4a, 02:00

Eusko Legebiltzarrean EAk duen batzarkide bakarra da Juanjo Agirrezabala (Legazpi, 1959). Legealdia amaitzear dela, hauteskundeak udazkenean izango direla iragarri du. Sozialisten gobernu ahulak egin beharrekoak egin dituela.

Zelan baloratzen duzu Frantziako poliziak bi ustezko ETAko kide atxilotu izana?

Frantziako eta Espainiako gobernuek orain arte erakutsi duten jarreraren erakusle da. ETAk jarduera armatua betiko uzten zuela iragarri zuenetik ez dira ezertxo ere mugitu. Ez dute urratsik egin bake prozesuan sakontzeko. Beste egoera batean bizi gara, baina gobernuek muzin egin diote egoera berriari. Euskal jendarteak ez du ulertzen eta onartzen hori.

Armekin eta auto lapurtu batean zihoazen, berri batzuen arabera.

Askotariko irakurketak egingo ditu hainbatek, baina sakoneko kontua da bake eszenategi baterako bidean gaudela eta denok egin behar ditugula urratsak. ETAk egin zuen berea duela zazpi hilabete; orain, gobernuei dagokie urratsak egitea. Horixe esaten du Aieteko Deklarazioak. 

ETA amaitu da, baina Sortu oraindik ez da legezkoa. 

Kezkagarria da ikustea Espainiako Estatuak egun batetik bestera erabaki zuela Sortu legez kanpokoa izatea eta, ostera, urtebete baino gehiago pasa dela eta legeztatu barik jarraitzen duela, inongo arrazoirik ez dagoenean Sortu legezkoa ez izateko. Erabaki politiko baten aurrean gaudela argi geratu da. Espainiako auzitegiak kutsatuta daude. 

Auzitegi Konstituzionalak Sorturen gaineko erabakia aurki hartuko ei du. Zer espero duzu?

Espero, nahi eta exijitzen dugu herritar orok bere eskubide eta ideia politikoak defenditzeko aukera izan dezatela. 

Sorturen kontrakoa izango balitz, hau da, legez kanpoko izaten jarraituko balu, zelan eragingo lioke horrek bake eta normalizazio prozesuari?

Euskal jendarteak ez luke erabaki hori ulertuko, baina, edozelan ere, prozesua ez luke geldiaraziko. Mina sortuko luke erabaki horrek, baina ez luke etengo prozesua, jendarteak babesten duelako prozesua. 

Amaiurri zelan eragingo lioke?

Koalizioa lau hankaz osatuta dago une honetan. Eta etorkizunean ere hala izango da. Argi eta garbi daukagu hori. Euskal jendarteak hala eskatuta, ezkerreko, abertzale eta independentziaren aldeko garen alderdiok bat egin dugu. PSE-EE eta PP batzeko gauza izan ziren; hau da, bi indar antagoniko bat eginda, helburu jakin baten alde. Guk ere batu beharra geneukan, hala eskatzen zigun-eta jendarteak.

Amaiur izango da zuen aukera, zuen formula, hauteskundeetarako?

Lau hankaz osatutako koalizioa izango da, baina erabakitzeke dago oraindik ze izen izango duen. Orain aztertzen gabiltza, batetik, koalizioaren izena; bestetik, programa eta; azkenik, zerrendak eta lehendakarigaia. Horiek aztertzen gabiltza une honetan. 

Iñigo Urkullu izango ei da EAJren lehendakarigaia.

Espero zitekeen. Ustekaberik ez. Bi elementu deigarri daude hor: batetik, Ibarretxe zela, antza, alderdikideek gehien nahi zuten lehendakarigaia; eta, bestetik, ezohikoa dela, inoiz gertatu bakoa, EBBko burua lehendakarigai izatea. Horrek erakusten du EAJrendako oso inportanteak direla hauteskunde hauek. Orain, garrantzitsuena da EAJk ze jarrera eta ze jarduera izango dituen. Esaterako, Legebiltzarrean, zerga politiken eztabaidan edo kutxak bat egiteko prozesuan, PPrekin lerrokatu da EAJ. Interes aldebakarreko alde egin du.

Eta zuek zeinekin lerrokatuko zarete?

Denekin berba egiteko irekiak gaude, betiere, programa oinarri hartuta. Beste interes batzuengatik ez dugu gure jarduna eta jarrera aldatuko.

Hauteskundeak aurreratuko dira?

Bai. Aurten izango direla uste dut. Lehendakariari dagokio hori, baina, itxura guztien arabera, aurtengo udazkenean izango dira. Edozelan ere, komeni da lehenbailehen deitzea hauteskundeak. Normalizazio politikoa eta krisia dira orain lehentasunak eta horiei erantzuteko gobernu indartsu eta sendoa behar dugu. Une honetan agintean dagoena ahula da eta ezin die erantzun erronka horiei.

Alternatiba sozio-ekonomikoa aurkeztu duzue. Zer proposatzen duzue?

Krisiari, enplegurik ezari eta egoera ekonomiko larriari erantzuna emateko alternatiba da. Gure jendartearendako beste eredu bat mahi dugu. Ez dugu oraingo eredurik nahi. Murrizketarik eta jendea aintzat hartzen ez duen politikarik ez dugu nahi. Interes ekonomiko eta finantzari jakin batzuei erantzuten dien politikarik ez dugu nahi. Pertsona aintzat hartzen duen politika nahi dugu.

Bakearen Gaineko Ponentziaren aurka bozkatu duzue. Zergatik?

Bi arrazoirengatik: batetik, ziklo berri honetan denok hasi behar dugulako berba egiten iristeko bake eszenatoki batera. Eta, iruditzen zaigu, era etengabe eta jarraituan, modu normalizatuan, parte hartu behar duela, ezker abertzaleak. Bestalde, PPk esan du hainbatean ez duela parte hartuko, nazioarteko begiraleen batzordean esaterako. Hortaz, zertaz eztabaidatu eta berba egin behar dugu ponentzia horretan? Itxurakeria egiteko besterik ez da. Ez du emaitzarik izango. Hasieratik iruditu zitzaigun hori.

Urtebete da Bilduk sekulako garaipena lortu zuela Gipuzkoan eta gaur egun gobernuan dago Gipuzkoan eta lurraldeko herririk gehienetan. Ze balorazio egiten duzu egindako lanarena?

Balorazio oso ona. Koalizioko kide garen aldetik, barruan egiten ditugun hausnarketak eroaten gaitu balorazio positiboa egitera. Bestetik, herritarrei agindutakoa betetzen ari gara eta, inkestek diotenez, herritarrek hori aintzat hartzen dute. 

EA gustura dago koalizioan?

Bai. Egia da koalizioko kide bakoitza kultura batetik datorrela, baina lotzen gaituena gehiago da aldentzen gaituena baino.

Ezker abertzaleak, Bildu eta Amaiur koalizioko gainerako kideak fagotizatu dituela diote jeltzaleek, sozialistek… Zer deritzozu?

Deskalifikatzeko egiten diren komentarioak dira. Badakigu ezker abertzalek pisu handiagoa duela koalizioan, baina bakoitzak egiten du bere ekarpena. EAJrekin koalizioan geundenean, aberats moduan hartzen zuten koalizioa. Orain, ostera, ezker abertzaleak irentsi egiten gaitu. Honek erakusten du beldurra diotela koalizioari. 

Miñao kasua ikertzeko sortu zen batzordeko presidentea izan zara. Ze ondorio atera dituzue?

Batetik, ardura politikoak egon badirela, irregulartasunak egon direlako kudeaketan. Bestetik, halako portaerak onartezinak direla eta etika politikoa norberaren interesen gainetik daudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak