Izan ere, errepide hori oso garrantzitsua izango da mugikortasunerako, bere esanetan: "10.000 ibilgailu ingururi buruz ari gara hitz egiten eta bidesari batekin hori erdibitzea politika oldarkorra dela iruditzen zaigu. Egia da diru bilketa arazoa dugula, egia da egoera finantzarioa oso delikatua dela eta errepideak erabiltzeagatik ordaindu egin behar dela –irizpide horrekin bat egiten du Aldundiak–, baina uste dugu bilketa hori modu justu eta orekatuan egin behar dela, eta inondik inora ez ordainlekuak han eta hemen jarriz era arbitrario batean, ezta prezio oso gogorrekin ere".
Buruari eragin eta gaia gehiago landu behar dutela gehitu zuen: "Politikarion erantzukizuna da gipuzkoarrak ez itotzea eta errepideen finantzazioan aurrerapausoak ematea".
EAJk zehaztasuna eskatu dio Larraitz Ugarteri
Eusko Alderdi Jeltzaleko batzarkide taldeak “Gipuzkoako errepideen finantzaketarako eredua behin-betiko zehazteko” eskatu dio Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru diputatuari, eta neurri zehatzik eza egotzi dio Aintzane Oiarbidek: “Diputazioak ez du neurri zehatzik aurkeztu ez errepideen kudeaketa, finantzaketa eta mantentze-lanetarako, ez garraio publikoa sustatzeko”.
Era berean, Oiarbidek Ugarteri eskatu dio “argi hitz egiteko behingoz": "Ezin da esan, lehendabizi, Gipuzkoako errepideen finantzaketa bidesarien bidez egingo dela, ondoren, zerga berri baten bidez eta, azkenik, bi sistemak erabiliko direla. Ugarte andreak soilik behin-behineko erabakiak hartzen ditu. Bada garaia, beraz, Foru Aldundiaren proposamena zehazteko”.