Larraitz Ugarte: "Debagoienari lagundu nahi diogu duen maila ekonomikoari eutsi diezaion"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mai. 31a, 16:35

Atzo, eguaztena, aurkeztu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ildo estrategikoak Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak eman zituen azalpenak, Ander Ridriguez Gizarte Politikako diputatuak eta Arantxa Ruiz de Larrinaga Parte-hartze zuzendariak lagunduta.

Bi dira Aldundiak esku artean dituen ildo estrategiko nagusiak: bakegintza eta gatazka politikoaren erresoluzioa; eta krisi ekonomikoari aterabidea ematea. Horiekin batera: hiritartasun errentaren gaineko eztabaida; Gipuzkoa Saretzen dinamika, tokian tokiko garapen agentziekin elkarlanean; Tabakalera; euskal kultura bultzatzea; garraio publikoa eta txartel bakarra; iruzur fiskalari aurre egiteko politikak;…

"Lan egiteko estilo bat"

Bide Azpiegituretako diputatuaren hitzetan, proposamen sorta dute esku artean eta, horrekin batera, lan egiteko estilo bat: "Gipuzkoa berri bat egitera goazela irudikatu gura izan dugu, aldaketa politiko eta soziala egitera goazela, aurreko urteko hauteskundeetan bozka eman zutenek eskatutakori jarraituz". Aldaketa egiteko, ildo estrategikoak zuzendaritza batzuekin zipriztindu dituztela ere gaineratu zuen eta lan egiterakoan arrasto hori jarraituko dutela gaineratu: "Partaidetza, Euskara, Migrazioa eta Aniztasuna, Giza Eskubideak eta Memoria Historikoa, eta Berdintasun zuzendaritzak sortu ditugu, arlo denetan landuko ditugu eta egitasmo estrategiko guztietan aplikatu". 

Debagoienerako asmoak

Debagoienerako proposamen zehatzik duten galdetuta, eskualdeen arteko oreka bilatu gura dutela azaldu zuen: "Donostia inguruko zonaldeetan badituzte hainbat zerbitzu hain populatuak ez dauden tokietan ez dituztenak. Argi dago orain arte eskualde denek ez dutela tratamendu bera izan eta oreka ezinbestekoa da lurraldearen garapenerako. Kontrara, bailara hau, adibidez, ekonomikoki oso garatua dago, aberastasun maila garrantzitsua du eta begiratu behar dugu nola lagundu maila horri eusteko".

Balorazio positiboa

Nahiz eta egindako bilerak ez diren oso jendetsuak izaten ari –ezta atzo Arrasaten egindakoa ere–, lehen errondak orain arte emandakoari dagokionean, balorazio positiboa egin dute Aldunditik: "Badira ahots kritikoak, baina erantzuna ona izan da, orokorrean, zuzenean ari garelako herritarrei azalpenak ematen. Feedback hori garrantzitsua da eta herritarrek eskertzen dute. Benetan sinisten dugu demokrazia parte-hartzailean eta, horregatik, esatera eta entzutera goaz herrietara".

Lehen erronda amaitutakoan, bigarrena

Aurkezpena jendaurrean egiteko egitasmoari hilaren 22an Pasaian hasiera eman eta gero, foru ordezkariak eskualdez eskualde ari dira aurkezpena egiten; egunean bi tokitan, hamar hitzaldi guztira. Datorren astelehenean izango da azkena eta, ondoren, ekainaren 11n, bigarren erronda bat abiaraziko dute, eztabaidarako; lehen errondarako aukeratutako herri berdinetan egingo dituzte saioak, eta "herritarrek gogoeta eta ekarpenak egiteko izango dira". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak