Mondragon Unibertsitateko ate irekiak, lehenengo aldiz, streaming bidez

Txomin Madina Milikua 2012ko maiatzaren 25a

Ekainaren 17an amaituko da Mondragon Unibertsitatean aurrematrikula egiteko epea, eta datorren astean egingo dute unibertsitatearen eskaintza ezagutzeko azken ate irekien jardunaldia. Jardunaldi berezia izango da baina: lehen aldiz streaming bidez egingo dute, eta MUtelebistatik jarraitu ahalko da. Interesa dutenek gainera, txat bidez zalantzak argitzeko aukera izango dute. Hemen jarraitu ahalko da jardunaldia.                                                    

Abendutik hona, hogei inguru izan dira Mondragon Unibertsitateko lau fakultateetan egin dituzten ate irekien jardunaldiak. Asteartean izango da aurtengo azkena; azkena eta berritzailea gainera. Izan ere ate irekien jardunaldi honetan parte hartzeko ez da kanpusetara joan beharrik izango, internet bidez izango da-eta, streaming bidez hain zuzen ere.

Streaminga Oñatiko Enpresagintza fakultatetik egingo dute, eta ordubete inguru iraungo du. Berau jarraitzeko ez da aparteko teknologia berezirik beharko eta MUren webgunean sartu behar da streamingera konektatzeko. Saioa bi zatitan banatuko da. Lehenengoan, Mondragon Unibertsitateko Errektoreorde Akademikoa den Jon Altunaz gain,  Enpresagintza Fakultateko, Goi Eskola Politeknikoko, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko eta Gastronomia Zientzien Fakultateko ordezkariek parte hartuko dute eta batik bat graduko titulazioen inguruan egingo dute berba.

Jardunaldiaren bigarren zatian, azalpenak eman dituztenei galderak egiteko eta zalantzak planteatzeko aukera egongo da eta horretarako, txat sistema erabilterraza egongo da. Datorren martitzenean, maiatzaren 29an izango da ate irekien jardunaldi berritzaile hau, arratsaldeko zazpietatik aurrera.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak