Juan Carlos Alduntzin: "Europako Parlamentuak ere ez du errauste plantarik nahi"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko maiatzaren 25a

"Ez du zentzurik Europako Parlamentuak errausketaren debekua eskatzen duen bitartean EAJk, PSE-EEk eta PPk Gipuzkoan errauste planta bat eraiki nahi izatea" esan du Ingurumen diputatuak.

"Gaur ez da egunik aproposena errauste plantak eraikitzea eskatzeko, Europako Parlamentuan ere ez dituzte nahi", adierazi du Juan Carlos Alduntzin Ingurumeneko diputatuak Euroganbaran gaur egin den bozketaren emaitzak ezagutu eta gero.

Beste 479 arrazoi

Bozketa horretan Europako Parlamentuak Batzordeari eskatu dio birziklagarriak diren materialen isurketa eta errausketa mailaka ezabatzea 2020rako. Emaitza honako hau izan da: errausketaren eta zabortegietan isurtzearen debekuaren alde 479 boto, kontra 66 eta abstentzioak 63. Hori dela eta, Alduntzinek esan du gaur beste "479 arrazoi" dituela "errausketari ezetz" esateko.

Ingurumen diputatuaren iritziz, "gaurko bozketak erakusten du Europak ingurumena errespetatzeko eta natur baliabideen erabilera eraginkorrak egiteko politikaren aldeko apustu" egiten duela Europako Batasunak hazkunde ekonomiko oparoagoa izan dezan. "Bien bitartean, EAJk, PSE-EEk eta PPk gaur bertan Batzar Nagusietan kontrakoa" eskatu dutela dio Alduntzinek.

Honen arabera, "Gipuzkoako Diputazioa Euroganbarak bultzatzen duen etorkizun osasuntsuago eta iraunkorrago baten alde lanean ari den bitartean EAJk, PSE-EEk eta PPk iraganari begiratzen diote, hamarkada honetan desagertuko den aurreko mendeko teknologia zaharkitu bati". 

Europan alde, Gipuzkoan kontra

Diputatuak aipatu du ez duela "zentzurik EAJko eurodiputatu Izaskun Bilbaok edota PPko ordezkari Jaime Mayor Orejak eta Carlos Iturgaitzek errausketa ezabatzearen alde" bozkatzen duten bitartean alderdi horiek Gipuzkoan kontrakoa bozkatzea.

Konponbidea nondik

"Ez da onargarria helburu elektoralengatik hondakinen gaia horrela erabiltzea. Ordezkari politikook egin behar duguna da borondatea erakutsi denon artean hondakinen kudeaketaren arazoari irtenbidea emateko eta irtenbide horrek ingurumenaren babesean eta osasun publikoaren zaintzan oinarritu behar du. Europa konponbidea nondik doan erakusten ari da, beraz modu positiboan lan egin behar dugu".

Plangintza aurkeztuko du

Alduntzinek iragarri du laster batean hondakinen prebentzioan, berrerabilpenean eta birziklatzean oinarritutako plangintza aurkeztuko duela, "Europak erakusten duen norabidean doana eta etorkizun hurbilean derrigorrez bete beharko dena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak