Jose Luis Garitano: "Bildun ezker abertzalearen mezua eta moduak nabarmentzen ari dira"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko mai. 25a, 02:00

Euzkadi Buru Batzarrak Iñigo Urkullu proposatu du lehendakarigai, eta horren gainean jardun dugu Jose Luis Garitano legebiltzarkidearekin. Lehendakaritza berreskuratzeko hautagai egokia iruditzen zaiola dio. Lopezek hauteskundeak aurreratuko dituen ustea baduela ere esan du. Eta data jartzera ausartu da: "Urriaren 28an izango dira", dio.

Iñigo Urkullu proposatu du Euzkadi Buru Batzarrak lehendakarigai izateko. Hautagai egokia iruditzen zaizu?

Bai, jakina! Horretarako propio sortutako batzordeak, alderdikideen proposamen guztiak aintzat hartu ostean, aho batez hartu du erabakia; hortaz, erabaki egokia da, eta ona da, gainera. Orain, batzokietan berretsi egin beharko da erabakia.  

Joseba Egibarrrek publikoki adierazi zuen bere garaian EAJrendako eta, bereziki, aurkariei aurre egiteko, hautagairik onena Ibarretxe dela. 

Ados nago Egibarrek esan zuenarekin. Ibarretxek irabazi zituen azken hauteskundeak, ez dezagun ahaztu hori. Eta daukan esperientzia eta profila kontuan izanda, hautagairik egokiena izango litzateke, baina Ibarretxek berak argi utzi zuen bere garaian, eta orain berretsi egin du, behin betiko politikatik urrundu egingo zela eta hezkuntzara bideratuko zuela bere bizitza profesionala. 

EAJren legebiltzarkide zaitugu une honetan. Errepikatzeko asmorik?

Ez. Hezkuntzan, Jaurlaritzan, Adegin… jardun dut nire bizitza profesionalean. Orain, nire proiektu enpresariala daukat. Joseba Egibarrek eskatu zidan aurreko hauteskundeetan ea animatuko nintzatekeen, eta halaxe egon naiz legebiltzarkide legealdi honetan. Baina ez dut errepikatuko. Uste dut nire zikloa amaitu dela. 

Zelako esperientzia izan da?

Oso ezberdina da. Ez dauka zerikusirik kanpotik antzeman daitekeenarekin edota hedabideen islatzen dutenarekin. Oso aberasgarria izan da, batez ere jendartea hobetzeko, politikatik zer egin daitekeen oso gertutik ezagutu dudalako. Konturatu naiz uste baino zailagoa dela eta 24 orduetan lanean egon behar dela, ikuspuntu ezberdinak aztertzen, adostasunera heltzeko ahaleginetan… Ardura handiko lana da. Baina, askotan, hedabideetan zabaltzen den irudia da politikariak lapur hutsak direla. Eta hori ez da horrela.

Urkulluk esan du EAJren helburu nagusia lehendakaritza berreskuratzea izango dela eta ekonomia, bakea eta normalizazio politikoa direla erronka nagusiak. Lopezek ere antzeko helburuak zituen...

Bai, denok nahi dugu onena jendartearendako… Horretan denok ados. Baina hemen kontua da gauza bat esan eta beste bat egiten dutela askok edo gauza bat egin behar dutela esan arren, egiteko gauza ez direla. Lopezen Gobernuak PPrekin bat egin du, eta hori ez naturala, ika-mikatan dabiltzalako uneoro. Bikote horren helburu bakarra izan da abertzaletasuna geldiaraztea. Lortu dute, hein batean, Jaurlaritzatik kendu gaituztelako. Bestetik, krisi ekonomikoa mundu mailakoa denez, aitzakia moduan erabili dute atzeraldia eta pobretu egin garela justifikatzeko. Hortaz, bakea eta normalizazioa dira lehentasunak, politikan maila berean jardun dezagun denok.

Eta ekonomia?

Lehentasuna da, baina prozesu baten ondorioa da orain bizi izaten ari garena. 15 urte egon gara hazkunde etengabean, gehiago irabazi eta gutxiago lan egiten. Eta esango nuke makaldu egin garela. Eta, okerrena dena, balioak galdu ditugu.

Horiek berreskuratzeko zer proposatzen duzue?

90eko hamarkadan industriaren eraldaketa prozesuan murgildu behar izan genuen. Gorriak pasa genituen. Madrildik zioten industria politikarik eraginkorrena industria politikarik eza zela. Baina Azua, Ardantza, Ibarretxe eta hauek hemengo industria eraldatzeko politika eraginkorrak eta pizgarriak abian jarri zituzten, eta hor daude emaitzak: krisitik atera ginen indartuta, beste inon baino hobeto. Makina ondo zaindu genuen eta indarrean abiatu zen. Industria sektorea indartu behar da orain ere. Finantzazio motak eskaini, berrikuntza bultzatu eta ez murriztu aurrekontuak. Prestakuntza, langabeziatik irteteko baliabideak eta politikak…

Inkestek diotenez, Amaiurren eta EAJren artean egongo da Gasteizko legebiltzarrerako lehia estu eta gogorra…

Ez dakigu ezker abertzaleak zein marka erabiliko duen. Zer gertatuko den Sorturekin. Koalizioan joango den azkeneko hauteskundeetan moduan… Ikusi beharko dugu. Izan ere, Bilduren barruan ezker abertzaleko mezua ideia, metodologia… geroago eta nabariagoa da.

Irudikatzen duzu Amaiurren lehendakari bat, Gipuzkoan Bildurekin geratu den moduan?

Politikan edozer da posible. Edozein gauza ikus genezake. Lehendakaria zein izango den ikuskizun dago. Gure helburua da geuk gobernatzea, baina goiz da esateko zer gertatuko den.

Lerro buru bat ipini beharko bazenio zein jarriko zenioke legealdi eta gobernu honi?

Iragarritako porrota. Helburu garbiarekin etorri ziren, abertzaletasuna ahultzea. Hori lortu dute, besterik ezer. Ikusi non utzi duten EITB.

Zuek bultzada emango diozue EITBri?

Bai. Gauza batzuk, gure autogobernuaren bizkarrezurrak direnak, ezin dira zalantzan jarri: Osakidetza, hezkuntza, Herrizaingo saila, hedabideak… Horiek dira gure ikurrak eta zaindu egin behar ditugu. 

Hauteskundeak aurreratuko dira?

Bai; izan ere, Lopezek ez du legealdia amaituko. Eta data bat esatera ausartzen naiz: urriaren 28an izango dira hauteskundeak. Lopez trankil ikusten dut, buruan badaukalako estrategia finkatuta. Lopez ez da ausartuko datorren urteko aurrekontuak, inoren babesik barik, Eusko Legebiltzarrera eroaten. PP ere gogor ari da egurra ematen…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak