Hezkuntza Zientzietan doktoretza-programa abiaraziko dute MUk eta Vic-eko Unibertsitateak

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko mai. 11a, 15:38

Datorren ikasturtean ekingo diote eta programa horren bitartez honako titulu hau lortu ahal izango da: Hezkuntzako Berrikuntza eta Esku-hartzean Doktoretza. Gaur sinatu dute lankidetza hitzarmena.

Mondragon Unibertsitateak eta Vic-eko Unibertsitateak lankidetza-harremanak estutu dituzte Hezkuntza Zientzien alorrean, aliantza estrategiko batekin unibertsitate bien arteko sinergietan sakontzeko.Hain zuzen, gaur Mondragon Unibertsitatean, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Mondragon Unibertsitateko errektore Josu Zabalak eta Universitat de VICeko errektore Jordi Montañak, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZIko) dekano Nekane Arratibelek eta fakultate horretako doktoretza-programa honen arduradun Amelia Barquinek lagunduta. Bi unibetsitateen artean, Hezkuntzako berrikuntzan eta esku-hartzean doktoretza-programa bat egiteko.

Datorren ikasturtean

Datorren ikasturte akademikotik aurrera (2012-2013), behin ANECAk programa onartu eta gero, Mondragon Unibertsitateak eta Universitat de VICek batera emango dute Hezkuntzako Berrikuntzan eta Esku-hartzean Doktoretza Mondragon Unibertsitatetik eta Universitat de VICetik titulu ofiziala lortzeko ibilbide hau.Gainera, doktoretzen erregularizaziorako azken dekretuaren ondoren, bi unibertsitateren arteko aurreneko baterako doktoretza-programetariko bat izango da.

Lankidetza-hitzarmenak sei urteko iraupena izango du eta 80ko hamarkadatik unibertsitate biek hezkuntza-alorrean duten harremana (doktoregaien arteko prestakuntza- eta ikerketa-lankidetza) sakonduko du. Hori dela eta, programa unibertsitate bientzat aberasgarria izango da.

Ikasleen mugikortasuna

Hitzarmenak, era estrategikoan, doktoregaien eta irakasleen mugikortasunaren alde egiten du, eta unibertsitate bien ikerketa-lerroak nahiz ikerketa-taldeak sendotzea du helburu, gai horietan sakontzeko eta prestakuntza-prozesu osoan ikasle eta irakasleen hezkuntza-eskaintza hobetzeko.Horri esker, unibertsitate bietako doktoregaiek nahiz irakasleek beste esperientzia batzuk ezagutuko, unibertsitate bietako prestakuntza- eta ikerketa-jardueretan parte hartuko eta ikertzaileen artean sareak sortuko dituzte.

Unibertsitate biek programa berritzaile horren inguruan finkaturiko helburuak honako hauek dira: hezkuntzan ikerketa-lerro osagarriak sustatzea; baterako ikerketa-proiektuak sustatzea, erakunde bietako ikerketa-taldeen artean; erakunde bien inguruko ikastetxeekin lankidetza-esperientziak partekatzea; ikerketa-karreran ikasleek aukera handiagoak izatea; eta ikertzaileen masa kritiko egokia bermatzea.

Doktoretza-programa egin nahi duen ikasleak unibertsitate bietako batean egin beharko du izena emateko eskabidea. Hortaz, ondorio akademikoei eta administratiboei dagokienez, matrikulatu den unibertsitatearekin izango du lotura. Doktoretza-programa euskaraz, gazteleraz eta katalanez emango da.

Harreman sendoa

Mondragon Unibertsitatearen eta Universitat de VICen harremana 80ko hamarkadan hasi zen, erakunde biek zituzten antzekotasunak zirela eta:  unibertsitate txikiak, gazteak eta unibertsitatearen eginkizuna ulertzeko antzeko modua, bai hizkuntzaren ikuspuntutik, bai ingurunearekiko inplikazioagatik.

Ordutik unibertsitate biek hainbat proiektutan jardun dute lankidetzan.1989an umeentzako ipuin-bilduma argitaratu zuten. 1991n Lehen Hiztegia argitaratu zuten, euskarazko eta katalanezko oinarrizko hiztegia; izandako arrakasta dela eta, hiztegi horren hirugarren edizio berritua argitaratu da.Gainera, Mondragon Unibertsitateak, Universitat de VICekin, metodologiari, curriculumari eta antolakuntzari buruzko gogoetak partekatu ditu. Unibertsitate bien arteko ikasleen eta irakasleen bisitak etengabekoak izan dira, harremana estutzeko eta irakasleak nahiz ikasleak beste esperientzia batzuekin aberasteko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak