Gipuzkoara zabalduko dute Debagoieneko Zero zabor taldeak egindako dokumentala

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko maiatzaren 11

'Errausketari ateak ixten' atez atekoa jarriko duen herrietan eman nahi dute. Maiatza eta ekaina bitartean Bergaran eta Arrasaten erakutsiko dute.

Erruasketari ateak ixten dokumentala Gipuzkoan atez atekoa jarriko duten herrietan erakusteko asmoa dute egileek, Debagoieneko Zero Zabor taldeak. Maiatza eta ekaina bitartean Arrasaten eta Bergaran emango dute eta Tolosan erakusteko hartuemonetan ere badihardute. Horrez gain, salgai ere jarri dute aurreratu dute Arrasaten, Elgetan, Bergaran eta Oñatin, 5 eurotan.


Dokumentala apirilean egindako Zero zabor Astean aurkeztu zuten. 70 minutuko iraupenarekin, lau hilabeteko lanaren emaitza da eta edukiari dagokionez, honela laburtu du Ander Lizarralde taldeko kideak: "Dokumentalean kontatzen da Gipuzkoan badela aspaldi onartu zen hondakinak kudeatzeko plan bat (PIGRUG) eta nola plan hori idatzi zutenak zementuaren sektorearekin guztiz lotuta dauden. Ondorioz, plan hori guztiz bideratuta dago Gipuzkoan errauskailu bat jartzera. Errausketaren laudorioz betetako idazkia da. Han aipatzen da Zubietako errauskailuan 260.000  tona hondakin erre nahi dituztela, eta horrekin dena esana dago, Gipuzkoan sortzen den zaborraren %60 inguruz ari gara-eta berbetan. Eta interes enpresarial horiekin zuzenean lotuta dauden alderdiak hasi zaizkigu jarrera erasokor batekin atez atekoa belzten, 5. edukiontzia loratzen, herri galdeketak eskatzen eta egia erdizko argumentuak plazaratzen.


Horren aurrean, dokumentalaren helburu nagusia "egia erdi horiek eztabaidetan zilegitasunik ez dutela salatzea" dela esan du Lizarraldek eta zerrenda luzea dela: " Esaterako, atez atekoaren bilketa garestia dela esaten digute, tratamendu gastuak, hondakinak ondo biltzeak dakartzan diru sarrerak eta errauskailuaren kostua nahita kanpoan utziz; errauskailuek erre ondoren sortzen duten hondakinez bolumenetan hitz egiten dute nahasmena sortu nahian, hondakinez betidanik pisutan hitz egin denean; eta lotsagarriena, hainbeste konpostek irteerarik ez lukeela izango esaten digute".


Dokumentala ikusteko jo: http://www.argia.com/multimedia/dokumentala/errausketari-ateak-ixten eta http://www.youtube.com/watch?v=QH-ShMnubN8.

Gaur hitzaldia Arrasaten

Gaurtik domekara Donostian egiten diharduten Zero Waste Europe Kongresuan parte hartuko duen hizlarietako batek, Joan Marc Simonek, Zero Waste Europe-ko koordinatzaileak, hitzaldia egingo du gaur, egubakoitza, 19:00etan, Arrasateko Arimazubi ikastolako areto nagusian. Zero zabor esperientzia Europan gaia izango du hizpide.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak