Maiatzeko loreek ere badute erregina

Leire Kortabarria 2012ko mai. 12a, 02:00

Gure herriotako balkoiek eta terrazek, udaberri eta uda osoan, badute erregina bat, loreei dagokienez behintzat: geranioa (Pelargonium). Altuera handiagokoa edo txikiagokoa; gorria, arrosa edo bi koloretakoa; gorantz hazten dena edo behealderantz kaskada gisa jausten dena… barietate handia dago.

Maiatza izanda, udaberriaren erdi-erdia, urteko garairik onenetariko bat da loreak landatzeko. Horren aitzakiarekin, Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeak udaberri eta udako landareak zelan zaintzen ikasteko tailerra antolatu du hilaren 22rako. Oñatiko  Aitor Ugarte lorezain eta loradendako ugazabak emango du tailerra. Bere esanetan, "aukera oso handia" dago etxean zer landatu erabakitzeko, baina, seguruenik, loreak dituzten Debagoieneko etxebizitza gehienetan geranioak aukeratuko dituzte.

%90ek, gorriak

Ugartek dioskunez, "gehien, geranio zonala (Pelargonium zonale, Pelargonium x hortorum) ipintzen da, gorantz hazten dena". Hosto iluna du eta ez du altuera handia hartzen. Kolore askotako geranioak dauden arren –arrosa, morea, zuriska…–, "hamarretik bederatzik gorriak ipintzen dituzte".

Beste geranio mota bat ere nahiko zabalduta dago: huntz-geranioa edo gitanilla (Pelargonium peltatum) deitzen zaiona, jauskera duena. "Orain motel samar dauden arren, geranio horiek oso handi egiten dira eta, beherantz zabaltzerakoan, tapiz antzekoa egiten dute", esaten digu Aitor Ugartek.

Esker oneko lorea

Geranioa ohiko bista bihurtu den arren, ez da Euskal Herriko espeziea, ezta Espainiakoa ere: Hego Afrikakoa da. Hala ere, gaur egun mundu osoan landatzen da, lore apaingarri gisa. Ez da zaintzen batere zaila, lorean egoten da udaberritik udazkenera arte –Debagoienean, apiriletik urrira inguru arte egon daiteke, ohiko urte baten– eta oso ondo agoantatzen du eguzki betean zein bero handiarekin ere. Gainera, lurra pobrea denean ere, ondo hazten da eta bizirik iraun dezake.

Aitor Ugarte, bere dendan.

Tximeleta kaltegarria

Hala ere, geranioek badute arazo larri bat azken urteotan: izurrite bat, antzematen zaila dena, gainera. Izurrite horren gaineko argibideak emango ditu Aitor Ugartek tailerrean, izan ere, "iaz, batez ere, geranioak zituen jende asko aspertu egin zen, landareak ezin zituelako zaindu".

Izurrite hori geranioaren jatorri berbera duen tximeleta bat da, eta iaz hainbeste zabaldu zen "udazken epela egin zuelako eta, normalean lau edo bost ziklo izaten baditu, iaz askoz gehiago izan zituelako", azaltzen du Aitor Ugartek.

Tximeletak baditu oso kaltegarri egiten dituen ezaugarri batzuk: "Norbera konturatu orduko, arrautzak ipintzen ditu geranioan. Harrak, lehenengo, lore-begi guztiak jaten ditu eta, gero, zurtoin barrura sartzen da eta handik landare guztia jaten du. Baina, barruan dagoenez, babestuta dago". Tximeleta horiek Hego Afrikan badituzte harrapariak, eurak harrapatzen dituzten animaliak, baina hemen, ez.

Ugartek honakoa gomendatzen du, eta tailerrera joaten direnei hala erakutsiko die: "Hamabostean behin, intsektizida batekin tratamendua eman behar zaie, prebenitzeko; eta geranio inguruan tximeleta hori ikusi badugu, astean behin egiten hasi. Lana eta dirua da, baina beharrezkoa da".

 

Zer landatu bila bazabiltza…

Dimorfoteka (Dimorphoteca)

Dimorfoteka
Margaritaren antzekoa da. Lurrean ipinita, urte askoan irauten du. Neguan galdu egiten da, baina atzera piztu egiten da. Lorategietarako da egokia, batez ere.

Gineako baltsamina (Impatiens hawkeri)

Gineako baltsamina.
Gogorra da, baina gustuko baldintzetan: goizean edo arratsaldean eguzkia, baina egunaren zati handiena, gerizpetan. Oso handia eta ederra egiten da.

Begonia beti-lorea (Begonia semperflorens)

Begonia beti-lorea
Lore politagoak badaude, baina hau oso gogorra da. Edozein lekutan ipini daiteke. Kanposantura asko eroaten da eta, hainbeste zaindu gabe, urte osoan iraun dezake.

Surfinia eta petunia (Petunia hybrida, Petunia)

Petuniak eta surfiniak.
Biak oso antzekoak dira; bat gorantz hazten da, eta bestea, beherantz. Prezio oso ona daukate eta edozein lekutan ipini daitezke, baina eguzki larregitik babestuta.

Zinia (Zinnia elegans)

Ziniak.
Gutxi jartzen den landarea; batik bat, ortuetan-eta botatzen dira zinia haziak. Lore ederra da, eta ebaki eta gero oso luze irauten du: hilabete inguru.

Hortentsia (Hydrangea macrophylla)

Hortentsiak.
Oraintxe da hortentsiak ipintzeko garaia. Lurrean landatuta, bizi osorako landarea da. Zakartzen denean, inausi, podatu, eta hurrengo udaberrian berriz emango du lorea.

Orkidea (Phalaenopsis)

Orkideak.

Ureztatzeko, lorontzitik atera eta plater edo ontzi baten ipini, bi behatz uretan. Gau osoan utzi, eta goizean, berriz lorontzian ipini. 10 egunean behin egin hori.

Arrosa igokaria (Rosa spp.)

Arrosa igokariak.

Lore ona ateak, burdinazko egiturak… edertzeko, betiere lurrean landatuta, sustrai oso luzeak dituelako. Uda osoan egoten da lorean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak