EAJ: "Ez dugu onartuko zaborren diktadura"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 10a

Gipuzku Buru Batzarraren bozeramale Maria Eugenia Arrizabalagak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio "hitza betetzeko, Batzar Nagusietan eztabaida egiteko eta denen artean adostutakoa errespetatzeko". Ingurumen diputatuaren presazko agerraldia eskatuko dutela gehitu du Eider Mendoza batzarkideak.

GBBren bozeramaileak egoeraren azterketa egin du esanez Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartuta duten plangintzak (PIGRUG) hondakinen gaia "bideratzen" duela eta "birziklapenaren alde egin", bosgarren edukiontziaren bitartez eta hondakinen hondarraren errausketaren bitartez. Aldiz, ezker abertzalearen gainean dio, ekainaren 30a baino lehen bere plangintza aurkeztuko zuela "hitz eman" zuen arren, denbora agortzen ari zaiola eta ez duela uste "hitza beteko" duenik.

Arrizabalagaren ustez, ezker abertzalearen eredua irtenbiderik gabekoa da eta ez da jasangarria: "Ez du udalerrietako herritarren gehiengoaren borondatea errespetatzen, ezta Batzar Nagusietako erabakia ere; inposizioan oinarritua dago, ez elkarrizketan". Maria Eugenia Arrizabalagaren ustez, "jendearen pentsamenduen aurka" egiteak ez du zentzurik: "Horregatik, beharrezkoak diren ekimenak aurrera eramango ditugu, ezker abertzaleak gehiengoaren borondatea errespetatu arte. Ez dugu zaborren diktadura inola ere onartuko".

Arrizabalagak honakoa ere adierazi du: "Ezker abertzalea zaborren gainean gezur handia ari da sortzen eta, inposizioarekin, gizarte-arazoa ari da sortzen herrietan".

Carlos Ormazabal txartel bidezko edukiontzien alde

Carlos Ormazabal Ingurumeneko foru diputatu ohiak kritika egin dio Bilduri: "Parte-hartzea du ahoan, baina inposizioa da benetan egiten duena. Bildurentzat, pertsonak haiek buru diren erakundeen mendean daude".

Hondakinen kudeaketari buruz, Ormazabalen iritziz, "Gipuzkoan, azkeneko 10 urteetan, aurrerapauso handia eman da eta, ondorioz, birziklapen tasa %40koa da". Atez atekoa kritikatu du eta txartel bidezko edukiontzien alde egin: "EAJren eredua txartel bidezko edukiontziak dira, herritarren intimitatea errespetatuz. Gainera, atez atekoak ez du zikloa amaitzen, beraz, hondakinen kudeaketarako zein eredu duten jakin gabe jarraitzen dugu". EAJk zabortegiak itxi nahi dituela dio, Europan egiten ari diren bezala: "Europaren aburuz, birziklapena, konpostajea eta hondarren errausketa dira etorkizuneko eredua, PIGRUGen jartzen duen moduan; eta ez zabortegiak, Bilduk dioen bezala".

Ingurumen diputatu ohiaren arabera, "energiaren sorkuntza da hondakinen hondarra kudeatzeko modurik egokiena, atez atekoa garestiagoa da eta herritarrak ezetz esaten ari zaizkio atez ateko bilketa sistemari". Eta "herritarren borondatearen kontra sortzen denak gaizki bukatu" ohi duela gaineratu du.

Presazko proposamena

Eider Mendozak iragarri duenez, presazko proposamena aurkeztu dute, Alduntzin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako batzordean agertu dadin eta, baldin eta plangintzarik badu aurkeztu dezan, Batzar Nagusiek iritzia emateko ondoren. "15 egun ditu hori egiteko, eta behin plana ezagututa, gai bakarreko osoko bilkura eskatuko dugu, beharrezkoak diren instalazioak ezagutzeko eta martxan jartzeko" gehitu du.

Hondakinen Partzuergoaren gerentearen kaleratzea

Hondakinen Partzuergoaren gerentearen kaleratzeak ez du ezustean harrapatu Carlos Ormazabal: "Ez gaitu harritzen erabaki hori hartu izanak, izan ere, gerentea egungo proiektua garatzeko zegoen, eta Bilduk ez du gustuko proiektu hori. Edozein kasutan, kaleratzea larria da".

Kaleratze horren kontra hitz egin du PSE-EEk ere: "EAJren oniritziarekin, Bildu zaborren kudeaketaren gaia harrotasun bunker baten bilakatzen ari da, non ez diren ongi-etorriak zaborra desagerrarazteko euren ametsarekin bat egiten ez dutenak. Kaleratze honekin eta duela bi aste abokatu aholkulariak alde egin eta gero, babesik gabe geratzen da orain organo hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak