Ezenarro, Basabe eta Erostarbe alderditik bota ditu Aralarrek

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko mai. 7a, 23:07

"Aintzane Ezenarrok, Mikel Basabek eta Oxel Erostarbek alderdiaren kanpo utzi dute beren burua berariaz eta auto-esklusioz, eta beren burua alderdiaren diziplinatik kanpo uzteaz gainera, alderdiaren printzipioen kontra ere egin dute". Halaxe dio Aralarreko Hegoaldeko Zuzendaritzak Eusko Legebiltzarreko parlamentari 'kritikoen' gainean hartutako erabakiak.

Hauxe da Aralarrek bere webgunean zintzilikatu duen oharra:

"Aralarreko Hegoaldeko Zuzendaritzak Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe auziaz hartutako erabakiaren jakinarazpena:

Aralarren Zuzendaritzak gaurko egunean jaso du Berme Batzordearen erresoluzioa, eta bertan esaten da Aintzane Ezenarroren, Mikel Basaberen eta Oxel Erostarberen jarrera oso larria dela, asanbladetan hartutako erabakiak betez Zuzendaritza honek emandako aginduei men ez egiteagatik.

Aralarren Zuzendaritzak uste du Berme Batzordearen erresoluzioak edo ebaspenak bere aurreko erabakia berresten duela zentzu honetan:

Aintzane Ezenarrok, Mikel Basabek eta Oxel Erostarbek alderdiaren kanpo utzi dute beren burua berariaz eta autoesklusioz, eta beren burua alderdiaren disziplinatik kanpo uzteaz gainera, alderdiaren printzipioen kontra ere egin dute.

Espedientea ireki ondoren Legebiltzarrean, jendaurrean eta komunikabideen aurrean izan duten jokabideak agerian utzi dute beren burua Aralar alderdi politikotik kanpo autoesklusioz jartzeko zuten borondatea. Horrenbestez, beraiek beren jarrerarekin behartu duten egoerarekin, Zuzendaritza hau behartuta ikusi da baja administratiboa tramitatzera.

Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarberi eskatu zaie beren karguak eta Legebiltzarreko bozeramailetza alderdiaren esku uztera. Bakearen, normalizazio politikoaren eta bazterketarik gabeko errespetu eta elkarrizketa politikoaren bere jatorrizko printzipioetan berresten da Aralar, horrek arlo guztietan izan ditzakeen ondorioak aintzat izan gabe. Hain zuzen, Legebiltzarreko lan-taldearen inguruan Aintzane Ezenarrok, Mikel Basabek eta Oxel Erostarbek izan duten jarrerak printzipio horiek urratu dituzte".

Alderdi berria

Bestalde, El Pais egunkariak publikatu duenez, Aralarretik irten diren militante ohi batzuek alderdi politiko bat osatu dute dagoeneko, eta Barne Ministerioaren onespenaren zain daude legezko izateko. Alderdi berriaren izena Nahia izango litzateke iturri horren arabera, eta hein handi batean Aralarreko hiru kide egotzi berri horiei hurrengo bozetara aurkezteko plataforma bat eskaintzeko sortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak