Bilduk Gipuzkoan, Donostian eta lurraldeko udal gehienetan hauteskundeak irabazi zituela eta "aldaketa ekarri" zuela urtebete betetzeko bezperan, EAJ, PSE-EE eta PP "ezetzean ataskatuta" daudela eta "antzinako nostalgian" lerratuta daudela salatu dute Barrusok eta Aiastuik.
"Aldaketa oztopatzea, proposamen positiborik ez egitea eta diskurtso zaharkitua praktikatzea" leporatu diete oposizioko hiru alderdiei ezker abertzaleko ordezkariek. Eta hiri hondakinen kudeaketa, "obra faraonikoen xahubidea" eta "opor fiskalak" jarri dituzte horren adibide moduan.
Hiru alderdiei bakarra izango balitz moduan, eskumako alderdi baten moduan, aritzea leporatu diete, "krisira eroan gaituen lehengo errezeta zaharkituak" defendituz.
"Eredu gainditua, zaharkitua"
"Dageneko gaindituta dagoen ereduarekin jarraitzen dute, non erabakiak hartzen diren merkataritza-bulego batean eta non hiritarrak ez dituzten ezertarako aintzat hartzen" esan dute.
Hiri hondakinen gainean, hiru alderdiek zabortegiaren aldeko jarrera agertzea kritikatu dute, Europar Batasunak "Usurbileko atez ateko ereduaren alde" egin duenean.
"Alderdiari begira"
EAJri leporatu diote norbere buruari, alderdiari, begira egotea eta jarrera horren adibide bi ipini dituzte: batetik, Kutxabank; bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin erabakia, hiri hondakinen kudeaketaren gaineko hitzarmena ez duelako berritu nahi izan.
PSE-EEren gainean, ostera, esan dute bere "tokia ezin topatu" dabilela eta "eskumako blokeari lerratuta" dagoela.
Azkenik, horren guztiaren aurrean, Agurne Barrusok eta Idoia Aiastuik nabarmendu dute Bilduk erakutsi duela "gauzak beste modu batera" egin daitezkeela eta "egiten ari direla".