Tuneletan segurtasuna bermatzeko kanpaina abiarazi du Bidegik

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko mai. 2a, 14:05

Gaur egun, Bidegik 15.961 metro tunel kudeatzen ditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 9.849 (200 metrotik gorako tunelak kontuan hartuta). Tunel horien eraikuntzaz eta mantenuaz arduratzeaz gain, tunel horietako segurtasunaz ere arduratzen dira Aldundia eta Bidegi. Horretarako, hainbat tresna erabiltzen dituzte, abiarazitako kanpaina, esaterako.

Bidegiri dagokionez:

  • Bi kontrolgune ditu, bata Zarautzen (AP-8ko tunelak zaintzeko) eta bestea Bergaran (AP-1eko tunelak zaintzeko).
  • Zentro bakoitzean bi langile daude eguneko 24 ordutan; guztira 20 pertsona bi zentroetan.
  • AP-1ean 14 teknikari daude tunelen segurtasun instalazioak zaintzen; hiru txandatan aritzen dira, eguneko 24 ordutan urteko 365 egunetan.
  • AP-8an, berriz, teknikari.
  • AP-8ko kontrolgunetik 79 kamera kontrolatzen dira eta AP-1ekotik 289; tunelak eta lotuneak ikusten dira.
  • Kontrolgune horietatik irudiak ez ezik, haizagailuak, ebakuazio galeriak eta CO2 eta NO2 detektagailuak kontrolatzen dira.
  • Horrez gain, hainbat tuneletan kable bidezko sute detektagailuak eta irrati bidezko TETRA sistemak jarri dira, larrialdi zerbitzuentzat.
  • Esku hartze azkarreko ibilgailu bat dago Eskoriatza eta Luko artean (batez ere Isuskitzako tunelari zerbitzua emateko). Bi pertsona joaten dira ibilgailuan (10 lagun dira guztira) eta suhiltzaile bezala trebatuta daude, zaurituak burdin artetik ateratzeko eta, batez ere, suteak kontrolatzeko trebatuak.
  • Horrez gain, beste 25 langile daude ezustekoetan esku hartzeko eta zaintza lanetan aritzeko. Txanda bakoitzean, gutxienez, 6 zaindari daude autopista bakoitzean.


Aldundiari dagokionez:
Aldundiak bere kudeaketapeko tunel garrantzitsuenak kudeatzeko Mugikortasuna Kudeatzeko Zentroa du, eta bertatik, zehazki, 4 tunel multzo kudeatzen dira zuzenean:

  • A-15 Belabieta ete San Lorenzo tunelak: 47 kamera.
  • N-121 Lamiarri tunelak: 11 kamera.
  • GI-41 Zorroaga tunela: 22 kamera.
  • GI-2620 Olandixo tunela: 13 kamera.


Tunel bakoitzak kontrol gune txiki bat dauka han bertan, gune nagusiarekin komunikazioa erortzen bada arazorik izan ez dadin. Egoera larri batean eta komunikazioa erortzekotan, operadoreak zentro txiki horretara joan behar
dute, tunela bertatik kontrolatzeko. Bestelakoan Miramongo kudeaketa zentrotik eramaten dira lau tunel multzoak zuzenean.

Miramongo zentroan etengabeko zaintza bermatzeko 2 pertsona daude egun osoan; guztira, 10 langile dira. Horrez gain, beste 25 pertsona arduratzen dira mantenuaz.

Beraz, bai Aldundiak bai Bidegik segurtasun sistema egokiak dituzte tuneletan. Hala ere, ikusi dute erabiltzaileen ikuspegitik ere ezinbestekoa dela segurtasun arau batzuk bermatzea, haien aldetik hainbat jarduera desegokia ikusi
baitugu.

Esku-orriak eta pegatinak

Erabiltzaileen jarduera ikusita, eta kontuan hartuta Europako araudiaren arabera gidariei informazioa eman behar zaiela, Bidegik erabaki du kanpaina bat abiatzea. Horretarako esku-orriak eta pegatinak atera dituzte. Esku-orrian zehatz azaltzen zaie gidariei tunel batean istripua edo matxura izanez gero nola jokatu behar duten.

Pegatinek ere helburu bera dute, baina kasu horretan autoan bertan jartzeko dira, begi bistan, larrialdi kasu batean nola jokatu behar den era errazean ikusi ahal izateko. Bi euskarrietan bai istripu edo matxura kasuetan bai sute kasuetan nola jokatu erakusten zaie erabiltzaileei, askotan zer egin ez dakitela ohartu baikara. Guztira 70.000 esku-orri eta pegatina kaleratu dira, eta ordainlekuetan eta hainbat udal eraikinetan banatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak