Bizkaiak hartuko ez dituen 25.000 tona hondakin Sasieta, Lapatx eta Urtetara

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 27a

Hala jakinarazi zuen atzo, eguena, Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko bilera amaitutakoan. EAJ, PSE-EE eta PPren esanetan, lehena 2013an eta beste biak 2014an ixtekoak badira ere, Alduntzinek dio ez dagoela itxiera datarik jasotzen duen akordiorik.

Juan Karlos Alduntzinek adierazi zuen Bizkaiko Diputazioak hartutako erabakiak ez duela lortuko "Zero Zabor politika oztopatzea" eta, ekainaren 12tik aurrera, Gipuzkoan funtzionamenduan dauden zabortegietara bideratuko dutela azkenaldian Igorrera eraman duten hondakin kopurua –25.000 tona–. Bere esanetan, Sasieta (Beasain), Lapatx (Azpeitia) eta Urtetako (Zarautz) zabortegiek badute horretarako gaitasuna, "krisiak eta atez atekoak zaborra gutxiago sortzea ekarri dutelako".

Pilar Unzalu Ingurumen sailburuak egindako adierazpenei dagokienean –Gipuzkoako zabortegiak gainezka egitear daudela eta, hori dela eta, kezkatuta dagoela esan zuen–, Alduntzinek erantzun zuen beteko direla egunen baten, baina hori ez dela izango ez datorren hilean ezta 2013an ere.

Hondakinak kudeatzeko plan berria

Hilabete t'erdi barru Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak zaborren kudeaketarako plan berri bat gertu izango duela berretsi zuen, "erraustegia aurreikusten duen egungo planaren ordezkoa". Gogorarazi zuen, baita ere, udalek dutela zaborrak kudeatzeko ardura eta eskatu zuen hartzen dituzten erabakiak errespetatzeko.  

Orain gutxi, EAJk Bilduri leporatu zion "denbora amaitzen" ari dela eta "oraindik ez duela planik Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak