Askori ematen diete jaten, eta gehiagori ere eman nahi diote

Leire Kortabarria 2012ko api. 28a, 02:00

Urtebete daroa lanean Bergarako Elikagaien Bankuak, eta, epe horretan, milaka laguni egunero-egunero jaten eman diete. Baina jatekoen premia duen jende asko Bankuaren babesetik kanpo dagoela ere konturatu dira. Bereziki horiei dei egiten diete arduradunek: Elikagaien Bankua jatekoen beharra duten denondako da.

Elikagaien Bankuak hauxe egiten du: salmenta-leku handiek, banatzaile handiek… baztertutako janariak, ondo daudenak, identifikatu, jaso eta gizarte arloko erakundeen artean banatu, haiek beharra dutenei eman diezaieten.

Bada, Elikagaien Bankuaren inguruko uste batzuk daudela esaten du Pili Arinek; tartean, hango elikagaiak "bakarrik atzerritarrek" hartzen dituztela: "Egia da, baina hemengo jendea, larri dagoena, gehienetan familiaren babesa du, etorkinek ez dutena; bestalde, gaizki pasatzen ari direla onartzea oso gogorra da, baina premia baldin badute, prest gaude edozeini laguntzeko".

Boluntarioak, furgoneta deskargatzen.

Norbanakoak ezin dira Elikagaien Bankura janari eske zuzenean joan. Laguntza hori jaso gura duenak herriko Gobernuz Kanpoko Erakundeetara, Udalera, Caritasera… jo behar du, eta han egin eskaera.

Janari ona da

Gipuzkoako Elikagaien Bankua 1997an sortu zen, baina Debagoienean ez zen iaz arte ezarri. Gaur egun, egunero-egunero dihardute han hainbat boluntariok, eta egunero sei bat erakunderi ematen diete janaria, haiek banatu dezaten.

Egunero-egunero, saltzaile handiek kiloka janari baztertzen dituzte, ez jateko txarrak direlako, baizik eta beste arrazoi batzuengatik: ontzia matxuratu edo poltsa apurtu egin delako, iraungitze edo kaduzitate-data gertu dagoelako eta jendeak ez dituelako gura, etiketa galdu dutelako… Bergarako boluntario taldeko Pili Arinek dioen bezala, "helburua da ezer ez dadila galdu, ezer ez dadila bota". Izan ere, "janari hori guztia, lehen, zabortegietara eroaten zen".

Janari-loteak gertu daude erakundeei emateko.

Leku askotan frogatu da saltzeko ez apropos gisa jotzen den janari guztiarekin jende askori jaten eman dakiokeela. Gipuzkoan, Foru Aldundiaren Garapen Iraunkor departamentuak eta Mondragon Unibertsitateak halako plan pilotu bat egin zuten orain urte batzuk, eta hortik irten zen Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekiko elkarlana; eta 2009ko egun baten, Londresen, Tristram Stuart-ek 5.000 laguni jaten eman zion bestela zaborrean bukatu izango zukeen janaria bakarrik erabilita. Stuart janaria botatzearen arazo larriaz kontzientziatzeko lanetan dabil eta, bere esanetan, Erresuma Batuan egun bakarrean botatzen den janariarekin 60.000.000 lagun elikatu daitezke. Are gehiago: munduko gosea bukatzeko adina janari alperrik galtzen uzten edo bota egiten dela salatzen du aktibista horrek.

Furgonetaren erronda

Gero eta jende gehiagori jaten ematen dio egunero Elikagaien Bankuak, eta ez bakarrik Debagoienean: Debabarreneko eta Goierriko erakundeak etortzen dira Bergarara jatekoen bila. Pili Arinek esaten duenez, gurean nahi baino erakunde gutxiago daude larri daudenei jaten ematen: "Arrasatetik erakunde bakarra etortzen da. Gehiago beharko lirateke", esaten du.

Janari freskoa da jasotzen dutena; egunekoa. Horretarako, Azken Minutua izeneko lan egiteko modua dute.

Hala, lanaldia 09:00etan hasten da. Elikagaien Bankuaren furgonetak janaria batzeko erronda hasten du. "Lehenengo, Eroski Arrasatera doa. 10:00ak inguruan etortzen da, elikagai galkorrak, agudo alperrik galtzen direnak ekartzen: barazkiak, frutak, esnekiak… Sartzen denean, deskargatu eta dena sailkatu eta pisatu egiten dugu. Gero, furgoneta Eibarko Eroskira doa; gero, Olaberriko Carrefourrera…". Hori, egunero; Carrefourrera, zapatuetan ere bai.

Umeendako jogurtak

Goiza da lan handieneko momentua Bergarako Elikagaien Bankuan. Merkantzia jaso eta gero, ale txarrak bota, janari ona pisatu, erregistratu, dagokiona hozkailuan edo izozkailuan sartu eta, segidan, loteak prestatu behar dituzte. Hori nekeza izaten da batzuetan, izan ere, jaso behar dutenendako ahalik eta janari egokiena izan dadin ahalegintzen dira. Euren esanetan, urtebete honetan "asko ikasi" dute, eta ikasten jarraitzen dute. Honela diosku Arinek: "Jende nagusiarendako baldin bada, askotan, tipula asko baldin badator, eurendako prestatzen ditugu. Beste adibide bat: barazki asko poltsa txikitan datoz, eta horiek oso aproposak dira familiendako; bada, horiek Caritasi ematen dizkiogu askotan; umeak dituzten familiak badira, umeendako moduko esnekiak-eta… Hego Ameriketako jendeari talo antzeko ogi batzuk ematen dizkiogu; edo, kus-kusa daukagunean, aljeriarrei eta marokoarrei".

Janari-familia bakoitzeko zenbat kilo jaso diren erregistratzen da.

Arazoak edo ezustekoak ere izan dituzte: "Musulmanek ez dute alkoholik hartzen, eta ardo-ozpina duten produktuak, maionesa, ozpinetakoak… ezin dizkiegu eman. Ezta txerri-koipea duten produktuak ere. Bestalde, Hego Ameriketako askok ez dakite babarrunak, garbantzuak… prestatzen, eta ez dituzte nahi izaten".

Patata mordoa

Azken Minutuaren bidez, denetariko elikagaiak biltzen dituzte Bergarako egoitzan: barazkiak, frutak, janari-poteak eta kontserbak, jogurtak, esnea, ogia eta haren eratorriak… edozein supermerkatuko apaletan egoten diren produktuak. Horiek egunean jasotzen dituzte Elikagaien Bankua erabiltzen duten erakundeek.

Eguneko produktuez gain, hilean behin, luzaroan irauten duten produktuen lotea jasotzen dute erakunde horiek. Jateko horiek Bergarako egoitzan izaten dituzte pilatuta: lekaleak, arroza, pasta, olioa, iraungitze edo kaduzitate-epe luzea duten esnekiak, patatak… Eta horiek ez dizkiete salmenta-lekuek bakarrik ematen; baita norbanakoek ere. Hala, baserritar askok uztaren zati bat ematen diete. Orain, adibidez, patata kilo mordoa dute. "Hori dena, bestela, zabortegira zihoan", esaten du Pili Arinek.

Erakunde bateko boluntarioa, elikagaiez kargatutako autoa hartzeko gertu.

Lote txikiagoak

Krisiak ez die eragin jasotzen duten janari kantitatean; baina bai, ordea, lotearen tamainan: gero eta jende gehiagori jaten eman behar zaionez, gero eta lote txikiagoak egin behar dituzte. "Lehen kilo bat dilista, babarrun eta garbantzu baldin bazen, orain hirutik bi. Edo pasta, bi kilo beharrean, kilo bat da onuradun bakoitzarendako", esaten dute boluntarioek.

Hala ere, erakunde eta enpresa askoren laguntza dute, eta hori bereziki eskertzen dute Bergarako Elikagaien Bankuko ordezkariek: hala, Fagorrek bi izozkailu oparitu zizkien; inguruko merkataritza-gune eta supermerkatu-kate handienen elkarlana dute, eta baita baserritarrena ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak