Donostiako Miramar Jauregian egin du Jakiundek Ohiko Osoko Bilkura, Presidentetza eta Mahaia (akademiaren organo betearazlea) berritzeko eta 12 Kide Oso berri bozkatzeko.
Jesus Mari Ugalde
Jesus M. Ugaldek Jakiundeko kideek erakutsi dioten konfiantza eskertu du eta "ohore handiz" eta "ardura osoz" Akademia honen presidentzia bere gain hartzen duela azaldu du; diziplina anitzeko pentsamenduaren foro hau indartzeko kide guztien laguntza izatea espero duela ere aitortu du.
Datozen 4 urteetarako ardatz bezala, ekimen desberdinen bitartez Jakiunde gizarteratu eta ezagutzera ematearen garrantzia azpimarratzeaz gain, Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean aurkitzen diren unibertsitateekin elkar lana sakontzea eta Jakiunde instituzioen, zientzi erakundeen eta zientzi politiken kudeaketa erakundeen aurrean maila goreneko aholkularitza entitate gisa ezagutua izatea beharrezkoa dela azaldu du.
Martxan dauden programa edo ekimenei dagokionez, Topaketak eta Jakin-mina proiektuei jarraikortasuna emateko apustua egin du, Jakiundeko biblioteka eta bideoteka zabaltzen jarraitzekoa eta Batzar Orokorrean ezarritako bestelako lan ildoak sustatzekoa.
Jesus Mari Ugalderekin, bost dira jakintsu debagoiendarrak: Mari Carmen Gallastegi eta Jabier Retegi bergararrak, Itziar Astiazaran aretxabaletarra eta Jon Markaide elgetarra.
Pedro Miguel Etxenike
Pedro Miguel Etxenikek bere agintaldia amaitzen du. Akademiaren antolaketa juridiko-instituzionala finkatu du, aurrekontu egonkortasuna lortu, egoitza propioa izatea ahalbideratu, eta aholkularitza, formazio eta zabaltze programa desberdinak martxan jarri.
Gaur arte presidentea izan den Pedro Miguel Etxenikek askotan azpimarratu du bere hitzaldietan unibertsitateetako errektoreen, Eusko Ikaskuntzaren, Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien eta Jakiundeko kide askoren lan eskuzabala eta gaurkoan ere eskerrak eman ditu.
Mahaiaren berritzea eta kide berrien barneratzea
Bilkurak, bozketaren ostean, Zuzendaritza kargu hauek erabaki ditu: Presidente bezala, Jesus M. Ugalde; eta presidente orde bezala, Javier Echeverria (Filosofia) eta Javier Tejada (Fisika). Mahaiaren kide bezala aukeratuak izan dira: Jose Maria Asua (Kimika), Jose Luis De la Cuesta (Zuzenbide Penala), Javier Echeverria (Filosofia), Gurutz Jauregui (Zuzenbide Konstituzionala) eta Javier Tejada (Fisika).
Aukeratu diren 12 Kide Osoak honakoak izan dira: Andres Arizkorreta Garcia (Ekonomia), Mari Isabel Arriortua Marcaida (Kristalografia eta Mineralogia), Agustin Azcarate Garai-Olaun (Arkeologia), Jose Manuel Castells Arteche (Zuzenbidea), Enrique Echeburua Odriozola (Psikologia), Juan Pablo Fusi Aizpurua (Historia), María Sonia Gaztambide Saenz (Medikuntza eta Kirurgia), Joaquin Gorrochategui Churruca (Hizkuntzalaritza), Jose Guimon Ugartechea (Psikiatria), Felix Marti Masso (Neurologia), Juan Ignacio Perez Iglesias (Biologia), Juan Jose Zarranz Imirizaldu (Neurologia).
Jakiunde, 2007tik
Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademia, 2007ko urriaren 25ean sortu zen, Eusko Ikaskuntzaren ekimenaren eraginez. Maila goreneko erakunde aholkulari gisa sortu zen, gizartearentzat erreferentziazko foroa izateko helburuarekin eta gaur egungo arazoetarako egokiak diren irtenbideak aurkitzen laguntzeko xedearekin.
Aurten, Bergarara
Aurtengo urtetik aurrera, Jakiundek egoitza propioa edukiko du Bergaran, Olaso eta Rezabal dorretxeetan; bertan, akademiak antolatutako bilkurak eta bestelako ekitaldiak egingo dituzte.