Zero zabor filosofia bailaran gehiago ezagutzera emateko asmoz, hitzaldi eta dokumental emanaldiz osatutako egitaraua egin du Debagoieneko Zero zabor taldeak asteon bailarako zenbait herritan. Besteak beste, EHUko irakasle Gorka Buenok eta Pello Zubiria kazetari eta Hernaniko Zero zabor taldeko kideak hitzaldiak egin dituzte. Bestalde, eskainitako dokumentalen artean, Debagoieneko Zero zabor taldeak egindako Erraustegiari ateak ixten izenekoa dago.
Zero zabor, festa giroan
Astelehenean abiatu zuten Zero zabor Astea eta festa giroan agurtuko dute asteburuan. Hain justu ere, bihar, zapatua, festa giroko eguna ospatuko dute Bergaran: 09:00etan San Martin plazatik Antzuolara ibilaldia egingo dute, atez ateko sistema ikustera; 13:00etan, trikipoteoa egongo da San Martin plazatik hasita; 14:30ean, bazkaria Munibe plazan egokitutako karpan (txartelak salgai daude 8 eurotan Oñatiko Bar Oñatin; Aretxabaletako Arlutzen; Bergarako Arranon, Kortazar eta Bulen; eta Arrasateko Iratin); bazkalostean kantaldia egongo da Josu Zubia eta Ubera bakarlariekin; 18:00etan Zero zabor filosofiaren aldeko kalejira egingo dute plazatik abiatuta; eta 22:00etan, kontzertua egongo da gaztetxean Krisis, KKK, Su-etena eta Kalamidaz taldeekin.
Domekarako, berriz, irteera antolatu dute Villabona, Usurbil eta Hernanira 16:00etan. Zero zabor filosofia atez atekoa baino gehiago dela azaldu nahi dute herriotako eredu praktikoak erakutsita: ontziratu gabeko produktuak saltzen dituzten dendak ikusiko dituzte; esne makinak; pixoihal berrerabilgarriak; arrandegi eta harategietan tuperrak erabiltzen...
PSE-EE: "Atez atekoa garestiagoa da"
PSE-EEk argi utzi du beste behin atez atekoaren kontra dagoela eta bostgarren edukiontzia defendatzen duela, martitzenean Arrasaten egindako hitzaldian. Susana Corcuera PSE-EEren Gipuzkoako Udal Politika arduradunak eta Manuel Blazquez Ingurumen teknikariak hartu zuten parte. Atez atekoa sistema garestiagoa dela, osasunarendako kaltegarria, ezerosoa eta inpaktu bisual eta estetiko handia ekartzen duena direla esan zuten eta gaineratu zuten Bilduk ematen dituen birziklatze datuak –%85 eta %90–, ez dituztela lortu Europan birziklapenean eta konpostajean maila onena duten herrialdeek ere. Bestalde, Bilduk gehiengoa duen 34 udalerritan atez atezkoa ezarri nahi izatea "inposizioa" dela ere gehitu zuten.