Aste oso bat Zero Zabor filosofia ezagutzeko

Irati Goitia 2012ko apirilaren 12a

Debagoieneko Zero Zabor taldeak Zero Zabor astea antolatu du; apirilaren 16tik 22ra egingo da. Bailarako herri guztietan izango dira hitzaldi edo ekintzak.

"Debagoieneko herri guztietan izango da Zero Zabor filosofia gehiago ezagutzeko aukera, baita hondakinen arazoa zein den eta erraustegiaren atzean zer dagoen ikustekoa ere" adierazi du Haizea Agirre Debagoieneko Zero Zabor taldeko kideak.

Horretarako apirilaren 16tik 22ra bitartean, hitzaldi eta dokumental emanaldiak antolatu dituzte. Tartean, Debagoieneko Zero Zabor taldeak egin duen ‘Erraustegiari ateak ixten’ dokumentala aurkezteko dute apirilaren 18an Oñatiko kultura etxean.

Egun osoko egitaraua zapaturako

Zapaturako berriz, festa giroko eguna antolatu dute egun osoko egitarauarekin. "Goizean Antzuolara egingo dugu irteera atez ateko sistema bertatik bertara ikusteko. Gero bazkari herrikoia izango dugu Bergaran eta arratsaldeko seietan aldarrikapenezko kalejira egingo dugu" zehaztu digu Agirrek. Gauean kontzertuak ere izango dira Bergarako gaztetxean.

Bazkarirako txartelak salgai daude Oñatin Bar Oñatin; Aretxabaletan Arlutzen; Bergaran Arrano, Kortazar eta Bulen eta Arrasaten Iratin.

Eredu praktikoak ezagutzera

Domekarako irteera bat antolatu dute Gipuzkoako zenbait herritan zehar Zero Zabor filosofia atez atekoa baino askoz gehiago dela erakusteko helburuarekin. Hala, Villabonan, Usurbilen eta Hernanin izango dira. Agirrek azaldu digu: "Eredu praktikoak dituzte herri horietan: ontziratu gabeko produktuak saltzen dituzten dendak, esne makinak, pixoihal berrerabilgarriak erabiltzeko kanpaina, harategi eta arrandegietan tupperraren erabilera edo ogitartekoak batzeko zorroak erabiltzen dituzte. Zero Zabor filosofia atez atekoa baino gehiago dela erakusten duten adibide asko daude".

Egitaraua

Apirilak 16, astelehena
19:00 Hitzaldia Eskoriatzako Huhezin, Oñatiko Zero Zaborren eskutik: Atez atekoaren aurrean komunikabideek izan duten jokaeraren azterketa.
19:00 Dokumentala Arrasateko Kulturaten: Etorkizuna erraustuz. El sucio negocio de la incineración en Sakana. Ondoren, egileekin solasaldia

Apirilak 17, martitzena
19:00 Peio Lozano EHUko irakaslearen hitzaldia, Bergarako Irizar jauregian: Las ventajas del puerta a puerta ante las desventajas de la incineradora.

Apirilak 18, eguaztena
19:30 Errausketari ateak ixten izeneko dokumentalaren aurkezpen publikoa Oñatiko kultura etxean.
20:00 Dokumentala Oñatiko kultura etxean: Errausketari ateak ixten.
19:00 Gorka Bueno EHUko irakaslearen hitzaldia, Arrasateko Kulturaten: Valorando la valorización energética.

Apirilak 19, eguena
19:00 Hitzaldia Aretxabaletako Arkupe kultura etxean, Oñatiko Zero Zaborren eskutik: Zaborra, guk sortu, guk kudeatu.
19:00 Dokumentalaren aurkezpena eta emanaldia Elgetako kultura etxean: Errausketari ateak ixten.

Apirilak 20, barikua
18:00 Dokumentala Aretxabaletako Arkupe kultura etxean: Etorkizuna erraustuz. El sucio negocio de la incineración en Sakana.
18:30 Pello Zubiriaren hitzaldia, Oñatiko kultura etxean: Atez atekoa, 5. edukiontzia... Norena da birziklatzeko ardura?

Apirilak 21, zapatua
09:00 Irteera Bergaratik oinez Antzuolara atez ateko sistema ikustera.
13:00 Trikipoteoa, Bergarako plazatik abiatuta.
14:30 Bazkari herrikoia Bergarako karpa gunean (8 euro). Bazkalostean, Josu Zubia eta Ubera bakarlarien kantaldia.
18:00 Zero zabor filosofiaren aldeko kalejira, Bergarako plazatik abiatuta.
22:00 Kontzertua Bergarako gaztetexean: Krisis, KKK, Su-etena eta Kalamidaz. Sarrera, 3 euro.

Apirilak 22, domeka
16:00 Villabona, Usurbil eta Hernanira irteera Zero Zabor politikak ikustera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak