Bildu: "Hondakinen kudeaketa iraultzeko bidean jarriko duen erabakiak hartzen ari gara herriz herri"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 4a

Jada 14 herritan onartu dute hondakinak atez atekoaren bidez biltzea, alegia, "%80ko birziklatze maila ahalbidetzen duen bilketa modua martxan jartzea", Bilduko alkateen esanetan. Hala adierazi dute hondakinen kudeaketari buruz goizean Donostian egindako agerraldian.

Legorreta izan zen erabakia hartzen lehena, eta gerora Segura, Zizurkil, Billabona, Zumaia, Irura, Legazpi, Lazkao, Anoeta, Oñati, Lezo, Bergara, Ormaiztegi eta Astigarragako udalbatzek hartu dute erabakia, hondakinen kudeaketan "beste eredu bat posible ez ezik derrigorrezkoa delako".

Euren hitzetan: "Gure herriak Zero Zabor norabidean jarri ditugu, hots, hondakina zaborra gisa ulertu beharrean, baliabide gisa ulertzen duen ikuspegia txertatu dugu. Zergatik? Hondakinen kudeaketan beste eredu bat posible ez ezik, derrigorrezkoa ere badelako: zabortegiak gainezka daude eta errausteak ez du arazoa konpontzen, arazoa larriagotu baino ez du egiten. Errazena orain arteko kudeaketa ereduarekin jarraitzea litzateke, hau da, hondakinak zabortegira nahastuta eramatea edo errauste planta batean erretzea. Bide erraza da hori, Gipuzkoako EAJk, PSE-EEk eta PPk planteatzen dutena, hain zuzen ere. Hori arazoari ihes egitea da, ordea. Jarrera arduragabea da, hau da, arazoaren aurrean ezikusiarena egitea".

Bilduko ordezkariek diote eurek arazoari adarretatik heldu diotela eta arduratsu ari direla; hondakinen tratamendua aztertu eta politika berri bat ezartzen hasi direla herritarrekin batera, "arazoa guztiok sortzen dugulako, eta guztiok eman behar diogulako konponbidea". 

Komunikabide eta alderdi batzuek "burrunba mediatikoa" sortu dutela esan eta, horren aurrean, eurak herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko lanean murgildu direla adierazi dute: "Gu gure herrietan murgildu gara. Bilerak egiten ari gara gure herritarrekin, bulegoak zabaltzen, hondakinen inguruko lan taldeak sortzen… eta antolatutako bilera denetan, batez beste, ehun herritar inguru batu dira. Oñatin, esaterako, zortzi bilkura deitu ditu Udalak eta, guztira, 650 lagunek hartu dute parte. Herritarrek informatu egin nahi duten seinale". 

Elkarlanerako deia

Herritar batzuk bilketa modu honen aurka azaldu direla-eta, esan dute iritzi guztiak direla errespetagarriak, eta guztiak hartuko dituztela aintzat. Eta horiekin lan egiteko borondatea agertu ez ezik, EAJ, PSE-EE eta PPri elkarlanerako deia luzatu diete.

Madrilgo PSOEK lehengo astean onartutako txosten bati eta Nafarroako Gobernuko presidenteordeak berriki esandako hitz batzuei egin die erreferentzia, "hondakinek ez dutela kolore politikorik erakusteko".

Gai honen politizazioa gainditu beharra dagoela, bestelako kudeaketa eredu bat ahalbidetzea guztion ardura dela eta errausketa iragana dela esanez bukatu dute agerraldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak