Astelehenean aurkeztu zuten aurtengo kanpaina Helena Franco Ogasun diputatuak eta Xabier Olano Ogasun zuzendariak, eta honako datuak eman zituzten: aurten, 391.000 aitorpen jasotzea aurreikusten du foru sailak, gehienak (312.000, denetara) zergadunari dirua bueltatzekoak, eta 351.000.000 euro bueltatu behar izatea aurreikusten du Ogasunak. Ordea, zergadunek Ogasunari 131.000.000 euro ordaindu beharko diote, 79.000 aitorpenen ondorioz. PFEZen egin dituen aldaketen emaitza gisa, Foru Ogasunak 69.458.497 euro batzea espero du.
Urtero bezala, Ogasunak Bergaran duen bulegoan aitortu daiteke PFEZ, modalitate mekanizatuan. Horretarako hitzordua har daiteke apirilaren 16an hasita. Aitorpen mekanizatua aurkeztu ahal izango da apirilaren 17tik ekainaren 8ra arte. Miren Pozueta da kanpainaren arduraduna Bergaran, eta esaten digu "dena gertu" dutela bulegoan zergadunak hartzen hasteko.
Autolikidazio gehiago
Autolikidazio proposamen gero eta gehiago bidaltzen ditu Foru Ogasunak; dena dela, oraindik ere errenta aitorpen mekanizatua da modalitate zabalduena.
Mota horretako iaz baino aitorpen gehiago izango dira; Bergarako Ogasunaren bulegoan hala izango dela uste du Pozuetak: "Iaz baino zertxobait gehiago tramitatzea espero dugu. Izan ere, autolikidazio proposamenak bidaltzen hasi zirenean, jende askok mekanizatua egiteari utzi zion; baina aldaketak egin behar baditu, mekanizatura dator. Zabalduena mekanizatua da oraindik, eta asko aurkezten dira". Hortik dator aurtengo berritasun bat Bergarako bulegoan: bederatzi teknikari ibiliko dira jendeari errenta aitorpena aurkezten laguntzeko, normalean baino bat gehiago. Denetara, 11 lagun ibiliko dira Bergaran errenta aitorpen kanpainan lanean: bederatzi teknikari, arduraduna eta hitzorduen arduraduna.
Aurten, 230.143 autolikidazio proposamen egin ditu Gipuzkoako Ogasunak, aitorpen guztien %59; iaz, 224.066 egin zituen. Proposamenak ikusi eta onartu daitezke Foru Ogasunaren webgunean, Internetera ordenagailuz zein telefono inteligentez edo ukimen-pantailadun eskuko ordenagailuz konektatuta. Azken bi kasu horietan, propio egokitutako programaren bidez kontsultatuko dute erabiltzaileek proposamena. Onartu, baina, apirilaren 11tik hasita onartu ahal izango dira proposamenok.
Foru Ogasunak dioenez, "autolikidazio proposamenak gero eta hobeto egiten dira, eta iaz, jaso zutenen %86ek onartu egin zuten. Hala ere, oraindik zergadun gehienek Ogasunaren bulegoan aurkezten dute aitorpena". Zehazki, Gipuzkoako 110.000 zergadun inguruk horrela egingo dutela kalkulatzen du Foru Ogasunak.
Internetez edo telefonoz
Baliteke autolikidazio proposamenean agertzen diren datuak zuzenak ez izatea, aldaketaren bat egon delako tartean: esaterako, zergadunak etxebizitza erosi baldin badu aurreko urtean, edo norberaren egoera bestela aldatu bada. Bestela ere, autolikidazio proposamenaren emaitzarekin ados ez dagoenak ere aitorpen mekanizatua aurkez dezake.
Errenta aitorpen mekanizatua tramitatzeko, ezinbestean hitzordua hartu behar da aldez aurretik, eta horretarako bi modu daude: Internetez, Ogasunaren webgunean, edo 902 10 00 40 telefonora deituta. Pozuetak gomendatzen du Internetez egitea zita: "Errazagoa da, telefonoa kolapsatu egiten delako, batez ere lehenengo egunetan". Beste aukera bat bulegoan bertan egitea da. Bergarako bulegoa zabalik izango da kanpainak dirauen artean, astelehenetik zapatura, bi zapatutan –maiatzaren 19koa eta ekainaren 9koa– izan ezik, eta 15 minutuko txandak ematen dituzte, 08:00etatik 13:45era bitartean joateko.
Modu bat edo beste bat aukeratu, hitzordua "beti" egin behar dela azpimarratzen du Bergarako kanpainako arduradunak, eta honakoa gogorarazten digu: "Norberak aurkeztu behar duen aitorpen bakoitzeko txanda bat hartu behar da. Eta beste norbaiten aitorpena aurkezteko, haren idatzizko baimena eta bion NAren kopia aurkeztu behar dira. Interneten badago baimen-eredu bat, baina norberak egindako idatziak balio du".
Simulagailua eta galdeketa
Ohiko errenta aitorpena, PFEZ, ere aurkez daiteke Internetez edo paperez. Internet gero eta euskarri erabiliagoa da, ez bakarrik errenta aitorpenaren gaineko beharrizanak egiteko, baita informazioa emateko ere: hala, kanpainaren gaineko informazio guztia, zehaztasun guztiekin, Interneten ipintzen doa Foru Ogasuna, eta berritasun gisa, gida-liburua bakarrik Interneten ipini du aurten, eta ez du paperean argitaratu.
Horrez gain, bere atarian, errenta aitorpena zelan irtengo den jakiteko simulazio-programa bat ere ipini du, nahiz eta behin betiko programa apirilaren 13an egongo den martxan.
Autolikidazioa Internetez onartzeak ere abantaila batzuk ditu: emaitza helbideratzeko kontu korronte zenbakia aldatu egin daiteke, eta aitorpena aurkeztu izanaren frogagiria berehala eskuratzen da; proposamena telefonoz onartzen denean bakarrik bidaliko dute postaz frogagiria, aurreko ekitaldietan ez bezala.
Ogasunaren webgunean dago ere beste tresna bat: galdeketa bat, zeinaren bidez zergadunak jakin dezakeen PFEZ aitortzera behartuta dagoen ala ez.
Internet da ere norberaren zerga informazioa lortzeko modu azkarrena. Horretarako, Gipuzkoataria webgunetik deskargatzen den programa behar da.
Hona hemen kontuan hartzeko epe garrantzitsuenak.
Dagoeneko: Autolikidazio proposamena Interneten ikusi.
Apirilaren 11tik maiatzaren 4ra: Autolikidazioak onartu edo errefusatu.
Apirilaren 16tik ekainaren 8ra: Aitorpen mekanizatua aurkezteko hitzordua egin.
Apirilaren 17tik ekainaren 25era: Aitorpena Ogasunean egin.
Informazio gehiago, www.gipuzkoa.net/ogasuna webgunean edo 902 10 00 40 telefonoan.