Espainiako gerrak gurean lagatako gertakari eta oroitzapen latz ugariren 75. urteurrena beteko da egunotan, eta, gertakariok gogoan izateko, zenbait ekitaldi egongo dira hil bukaera bitartean.
Elgetan, esaterako, apirilaren 24a eta 25a amesgaizto izan dira urteetan herritar askorendako; frontea jausi, tropa frankistak sartu, eta sekulako sarraskiak egin zituzten herrian. Bada, urteurren seinalatu hori ez da oharkabean pasatuko. Udalak ekitaldi bat iragarri du apirilaren 22rako, 12:00etan, eta, biktimen senitartekoez eta herritarrez gain, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduten elkarteetako ordezkariak ekitaldi horretan egotea eskatu du.
Horrez gain, Elgetako udalbatzak eskari zuzena egin die Espainiako, Italiako eta Alemaniako gobernuei "egiletza onar dezaten" eta "Elgetako herritarrei jendaurreko barkamena eska diezaieten". Eskari hori egitea aho batez onartu zuen udalbatzak aurreko asteko osoko bilkuran.
Bestalde, apirilaren 19an, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak argitaratutako Pablo Beldarrainen Historia critica de la guerra en Euskadi (1936-1937) izeneko liburua aurkeztuko dute 13:00etan Espaloian egingo duten ekitaldian.
Bergaran argazki erakusketa
Bergaran Bergara 1936 delako argazki erakusketa ireki zuten egubakoitzean, Aroztegi aretoan, eta hilaren 29ra arte egongo da ikusgai. Toribio Jauregi argazkilari bergararrak 1936ko uztailaren 18an Espainiako gerra hasi zenetik Elgetako frontea erori arte egindako argazkiak dira. Argazkiekin batera testuinguru historikoa azaltzeko asmoz, II. Errepublikako eta gerra hasierako dokumentuen digitalizazioak ere bildu dituzte antolatzaileek, Bergarako Udal Artxiboak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak. Erakusketak helburu bikoitza du: batetik, Udal Artxiboko argazkiak erabilita herritarrek garai latz haietako lekukotasunak ikustea; bestetik, informazioa jasotzea, eta horretarako herritarren laguntza eskatu dute, argazkietan agertzen diren pertsonak identifikatzeko.
Debagoienetik kanpora ere, Durangon eta Gernikan esaterako, izango dute gogoan 75. urteurrena. Hain justu, aurreko barikuan, izan zuten gogoan martxoaren 31n, herria bonbardatu zutenekoa Durangon. Gernikako bonbardaketaren urtemuga (apirilak 26), berriz, apirilaren 20an izango dute gogoan.
Legutioko batailan hildakoak gogoan
Larragorrin (Araba) 1937ko apirilaren 4an gertatutakoaren berri helarazi digu Gidor Bilbaok Legutiotik. Kolaborazio horretan Debagoieneko gudariak hil zituztenekoa dakar gogora. Bilbao EHUko irakaslea da Letren Fakultatean eta Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordea. Hemen hark bidalitakoa:
Debagoieneko gudariek “Hire askatasunaren alde jiarduen"
"Duela zenbait urte, Iñaki Ugarteburu bergararrak jakin zuenean Legution bizi nintzela, esan zidan urtero egiten zuela ostera bat Legutiora, familiarekin, han hil baitzen bere osaba, Enrique Gastañares, amaren anaia, gerran, 1937an, frentean. Osabaren eta beste gudari batzuen oroimenez jarritako oroitarri batera joaten omen ziren; ez zekien lekuaren izena, baina zehaztasunez azaldu zidan bidea.
Berehala gogoratu nintzen etxean gordeta nituen argazki batzuekin. Bergarako Irargi Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentruan eskuratuak nituen argazki horiek, artxiboaren katalogoaren deskripzioak erakarrita. Batek honela zioen: “Funeraria en Villarreal. Fue colocada en Larragorri (1964-65), sector del frente de Villarreal en recuerdo de los gudaris muertos en la batalla de Villarreal y esculpida por un marmolista de Derio de ideas carlistas, costó 5.000 pts. En el centro un lauburu y le acompaña la siguiente inscripción: Ire azkatasunaren alde jiarduen. 1936-1937”. Eta besteak honela: “Misa celebrada en septiembre de 1973 en recuerdo de los gudaris muertos en la batalla de Villarreal”. Behin baino gehiago Legution galdezka ibilia nintzen, ea norbaitek ezagutzen zituen argazkiko apaiza edo emakumeak, eta inork ez zituen ezagutzen; ea hilarria norbaitek ezagutzen zuen, eta ezta hori ere.
Iñaki Ugarteburuk argitu zidan guztia: argazkikoak ez ziren billerlearrak, bergararrak baino (bere ama eta izeba, gutxienez), Bergarako gudarien omenez eraikia baitzen hilarria; eta ez zen zehazki Legutioko batailaren eremuan eraikia (Albertia inguruan), urtegiaren beste aldean baino, gazte haiek hilda erori ziren inguruan. Pare bat aldiz joan nintzen oroitarriaren bila, eta ez nuen aurkitu; handik gutxira, 2009an, Iñaki hil zen.
Duela gutxi Iñakiren arreba eta alargunarekin elkartu nintzen Ugarteburu Sarien sari-banaketan. Hitz eman nien oroitarria aurkituko nuela eta garbituko nuela. Beste pare bat ibilaldi egin behar izan dugu Iñakik esandako inguruetatik, oroitarria aurkitu arte. Gaur garbitu dugu, eta ondoan duen ikurriña berriz margotu dugu. Kuriositatez, Intxorta 1937 elkartearen “Euskal Herria. Izen guztiak, aurpegi guztiak” zerrendan bilatu dugu Larragorri, ea hor nor eta noiz hil zen ikusteko, eta ikusi dugu, kasualitatez, 1937ko apirilaren 4an hil zutela Enrique Castañares (sic); aste honetan 75 urte beteko direla, hain zuzen. Eta, egun horretan, Bergara, Antzuola eta Elgetako beste zazpi mutil ere hil omen ziren Larragorrin (Itxarkundia batailoikoak eta Loiola batailoiko “Bergara” konpainiakoak ziren). Beste iturri batzuetan berretsi gura izan dugu datua, eta, izen batzuetan datu desberdinak agertzen direnez, nahiago izan dugu hemen beste izenik ez aipatzea.
Debagoieneko gudari haien omenez, duela 75 urte gure askatasunaren alde jardun zutelako, eta, zergatik ez, baita Iñaki irakasle eta adiskidearen omenez ere, euskalgintzan gudari haien ametsaren oinordeko garela erakutsi zigulako, Larragorri eta 1937ko apirilaren 4 beltza gogoratu gura izan ditugu hemen".
Non dago Larragorri?
Legutiotik Barazarrerako bidean, urtegi gaineko zubi luze ezaguna igaro ondoren, berehala, Etxebarri auzoko etxeak daude. Lehenengo etxea baino lehen hartu behar da urtegi gain-gainetik doan bidea. Autoz egin daiteke zati handi bat (bidea zuloz beteta dagoen arren), baina oinez egiteko ere bide atsegin eta erraza da (3,6 km joan eta beste horrenbeste etorri). Autoa utzi behar den lekuan hasten da aldapa, baina hortik oroitarrira ez da hogei minutu baino gehiago behar (875 metroko bidea eta 140 metroko garaiera-aldea). Oroitarria pagadian dago, bi lubaki-lerro eta zenbait obus-zulo igaro ondoren. Hemen bide laburra baino ez dugu eman, baina mendizaleak mapan erraz antzemango ditu bidea luzatzeko aukerak (Motxotegira igo eta Aiaotik jeistea, adibidez).