Bergaran helburu horrekin eratu den Atez ate ez! 5. Edukiontziari bai! Eman hitza Herriari taldeak dihardu zeregin horretan. Dagoeneko 3.000tik gora sinadura batu dituzte, eta astelehenean aurkeztu zituzten Udalean. Sinaduron "babesarekin" zera eskatu nahi izan diote alkateari: "Erabakirik hartu aurretik herri kontsulta egin dezala, bergararrok gure hitza eman dezagun". Eta gehitu dute: "Galderak Atez atekoa bai ala ez? izan beharko luke".
EAJko Udal taldeari ere helarazi diote sinadurekin batera aurkeztutako gutuna: "Oposizioko lehen alderdia denez, eta atez atekoaren aurka eta kontsulta eskaerarekin bat datozenez, martxoaren 26ko osoko bilkuran gure ekimena defenda dezaten". EAJko Udal taldeak hala egin zuen eta plataformakoen ahotsa izan zen asteleheneko osoko bilkuran.
Hala, Udal gobernuari "herritarron eskaera kontuan har" zezala eskatu zion Aintzane Oiarbide EAJko bozeramaleak. Are gehiago, Oiarbidek azaldu du bere taldeak bat egin duela ekimen horrekin eta "plataformak hasitako bidea jarraitu eta lagunduko" dutela. Era berean, "etorkizunean ekintza gehiago" egingo dituztela ere aurreratu du.
Arrasaten beste 3.000
Arrasaten ere atez atekoaren kontrako sinadurak batzen dihardu plataforma batek Santa Marina eta San Andreseko hainbat tabernatan, besteak beste. Oscar Garciak, plataformako kideak esandakoaren arabera, duela hilabete inguru sortu zuten taldea eta "kalean astero" egoteko asmoa dutela ere aurreratu du.
3.000 sinadura inguru batu dituzte eta ekainera arte jarraituko dute zeregin horretan, gero udaletxean aurkezteko: "Ahal diren guztiak batuko ditugu; alderdi politikoetako ordezkariekin ere berba egingo dugu eta asmoa da ekainean Udalean atez atekoaren gainean berba egiten dutenean mozioak aurkeztea".
Garciak gehitu duenez, gaur San Andreseko Kurtzetxiki plazan egongo dira sinadurak batzen 10:00etatik 13:00etara.
Arrasateko Udalak bandoa kaleratu du
Sinadura-batze horren harira Arrasateko Udal gobernuak bandoa atera du. Honela dio: "Herri ekimenak eta iritzien kaleratzea beti dira aberasgarri administrazioan gestio lanetan gabiltzanontzat, baldin eta parte-hartze hori egian oinarritzen bada. [...] Baina jendearen atxikipena jasotzeko gezurra erabiltzea ez da bidezkoa eta pertsona hauek atez ateko hondakinak biltzeko sistemaren inguruko zenbait gezur esaten aritu dira".
Hiru gezur aipatzen dituzte: "Sistema hau ezarriz gero hondakinen tasa 100 euro garestituko dela; hondakinak ez dagokien egunean jaisteagatik isunak jarriko direla; eta ezarriko diren ordutegietan hondakinak jaisteko arazoak egongo direla.
Oñatin ere gaikako bilketaren alde, baina atez atekoaren kontra dagoen herritar talde batek sinadurak batzen dihardu. Azaldu dutenez sinadurak batuko dituzte osoko bilkuran atez atekoaren gaineko ebazpena eman arte.