Ezegonkortasuna izango da Aste Santuko lehen egunetako ezaugarri nagusia, Euskalmeten arabera. Iberiar Penintsulan behe-presio erlatiboak izango dira nagusi, eta laino ugari eta modu irregularrean banatutako zaparradak utziko dituzte penintsulako edozein puntutan; ekaitz-zaparradak ere izan daitezke. Zaparrada horiek Euskal Autonomia Erkidegoari ere eragin diezaiokete, bereziki, barrualdean eta ekialdean; baina kostaldera ere hedatu daitezke.
Tenperaturei dagokienez, gaur, martitzena, dagoeneko nabarmen egin dute behera maximoek eta bihar, eguaztena, 10 eta 15 ºC artean koka daitezke. Biharko eguneko azken orduetatik aurrera, gainera, aire hotza sartuko da eta horrek eguenean tenperaturak are gehiago jaistea ekarriko du eta prezipitazioak eragingo ditu; prezipitazio horiek elur erakoak izan daitezke, 1.000 metrotik gorako mendietan.
Barikuan ere eguraldi nahasiarekin jarraituko dugu, zapatua egunik euritsuena izatera ailegatuz, Euskal Metereologia Agentziaren arabera.
Labur esanda, Aste Santuan giroa freskoa izango da, eguraldia ezegonkorra eta zaparradak modu irregularrean banatuta egongo dira; zaparrada horiek ekaitz-zaparradak ere izan daitezke.
Iragarpena, egunez egun:
Eguen Santua, apirilak 5
Zerua oso lainotuta egongo da. Prezipitazioak ahulak izango dira, baina tokian-tokian nahiko ugariak ere izan daitezke. Elur-kota 1.000-1.200 metro inguruan kokatuko da. Haizeak iparretik edo ipar-ekialdetik joko du. Tenperaturek behera egingo dute: minimoak gradu pare bat jaitsiko dira, eta maximoak bat eta lau artean. Mendi inguruetan izotza bota dezake, ahul.
Bariku Santua, apirilak 6
Zerua oso lainotuta egongo da, bereziki, egunaren lehenengo erdian. Zaparradak ahulak izango dira, baina nahiko ugariak, eta ekaitz-zaparradak ere bota ditzake. Elur-kota 1.200-1.400 metro inguruan egongo da goizaldean, eta 1.500 metrorik gora ezarriko da goizean. Ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperaturek gora egingo dute: minimo eta maximo, bat eta lau gradu artean igo daitezke.
Zapatua, apirilak 7
Zerua oso lainotuta egongo da eta zaparradak botatzeko arriskua egongo da. Haizeak iparraldetik joko du goizean, baina aldakor ibiliko da. Tenperatura minimoak igo egingo dira apur bat, eta maximoak ez dira aldatuko.
Domeka, apirilak 8
Zerua lainotuta egongo da, eta prezipitazio ahulak eta aldizkakoak bota ditzake, bereziki Kantauri isurialdean. Iparraldeko haizea ibiliko da eta tenperaturak ez dira aldatuko.
Astelehena, apirilak 9
Zerua lainotuta egongo da, baina arratsaldean garbitze aldera egingo du. Prezipitazio ahulak bota ditzake. Haizeak iparraldetik joko du eta tenperaturak ez dira aldatuko.
Oharra: Iragarpenenen fidagarritasuna txikitu egiten da denbora-horizontea handitzen den neurrian. Horregatik, Euskalmetek iragarpen ezberdinen eguneratzeak jarraitzea gomendatzen du.