1) Ikasketaz ingeniaria, futbol jokalari ohia; ez dira idazle estereotipoaren ezaugarri ohikoenak...
—Ingeniaritzak zehaztasunaren zentzua eman zidan; futbolean ibiltzen nintzenean, berriz, noiznahi bihurtzen nuen jokoa jolas. Eta prosaren zehaztasuna eta hitzekin jolasteko grina oso inportanteak dira niretzat idazle gisa: funtsezkoak.
2) Goiz hasi zinen idazten, 11 urterekin. Eta gazteleraz. Egun, gai izango zinateke?
—Hizkuntza guztiak dira ederrak, eta bai, gazteleraz idazteko gai izango nintzateke gaur egun ere. Baina nik, bere momentuan, neure aukera egin nuen, eta, geroztik, euskal idazlea naiz. Eta pozik nago euskal idazlea izateaz. Oso pozik. Harro. Are gehiago “betiko horiek” euskarari zenbat oztopo jartzen dizkioten ikusita. Nafarroan, adibidez. Iparraldean, adibidez. Eta hemen ere bai. Lehengoan nire lehengusu baten bilobak oso gaizki pasatu zuen ospitalean, guardian zeudèn mediku-erizainen artean euskaldunik aurkitzen ez zuelako.
3) Gaztetan Venezuelan egindako egonalditik zer ekarri zenuen? Eta zer geratzen zaizu?
—Bi urteko esperientzia bikaina izan zen. Aparta. Gauzei begiratzeko modua aldatu zidana. Adibide bat. Egun batean putetxe batera joan nintzen. Ez larrua jotzeko, mundu hura ere ezagutzeko baizik. Hala, bada, prostituta bat tragoxka batera gonbidatu, hura kontu kontari hasi, eta horrela jakin nuen bost seme zituela, bostak gizon diferentekoak. Gizon haiek, gainera, emakumea bazterrera utzi, honek lanik lortu ez… eta, azkenean, bost semeak aurrera ateratzeko, bere gorputza saltzen hasi behar izan zuen. Ba ote bidegabekeria historia ankerragorik eta, aldi berean, maitasun froga handiagorik? Eskaleak, putak eta bazterreko jendea mespretxatzeko joera dugu, baina ni inurria baino txikiagoa sentitu nintzen, emakume haren aurrean.
4) Liburu luzeak: horrela planteatu dituzulako ala horrela irten zaizkizulako?
—Liburu bakoitzak bere planteamendua du. Hori da abiapuntua. Gero, beharren arabera, luzeagoak edo motzagoak irten daitezke. Hala ere, liburu batean inportanteena ez da luzeago edo motzagoa den, baizik eta ona edo txarra. Bukatzeko, hauxe: literaturak ez du zerikusirik guinesstarren errepublikarekin.
5) Fikzioa da historia lantzeko modu erakargarriena?
—Guztia da fikzioa. Gure erabaki asko ere, ustez kontzienteki hartuak, auskalo ez ote diren inkontzienteak hartuak, maila handi batean: gero eta konbentzituago nago horretaz. Guztia da fikzioa, bai, gosea izan ezik. Guztia da fikzioa, boteretsuen boterekeria izan ezik. Guztia da fikzioa, bai, baina mundua ere alda daiteke eta alda dezakegu. Hobera. Ezkerrak —ezker ez-neoliberalak, jakina— sekulako erantzukizuna du ikuspegi honetatik… Eta gure iparra, une honetan, iparrean dago, hain zuzen ere: Islandian. “Gora Euskadi!” esaten genuen garai batean, baina noizbait hasi beharko dugu esaten: “Gora Euskislandia!”. Orain konturatzen naizela, ordea, ez dizut galderari zehatz-mehatz erantzun, baina, fikzioaren izenean, utz ditzagun gauzak horrela.
6) Pertsonaien psikologian sakontzeko, nondik hasi?
—Dudarik gabe, hasieratik, kar-kar-kar…
7) Eta zeurea (psikologia) ezagutzeko, zure poemetara jo behar?
—Nik esango nuke, simil geometriko bat erabiliz, gizakiok izaera poliedro bat dugula, konplexu bezain konplikatua. Gu, izan ere, gu gara, baina gure mozorroak ere bagara, eta gure mozorroen mozorroak, eta gure mozorroen mozorroen mozorroak, eta abar. Euskaldunon kasuan, baina, guztiz sinplifika daiteke korapilo hau, ETA baitago mozorro guztien azpian, Garzon mozoloak ongi esan zuen bezala…
8) Zure hainbat lan e-book formatuan lor daitezke. Etorkizun ekidin ezina?
—Bai, baina liburu tradizionalak ere iraungo du.
9) Nola eragin dio zenbaki gorriz betetako krisiak letren munduari?
—Krisiak, krisia izateaz gain, apokalipsiarekin errimatzen du: hori du txarra hitz horrek, zoritxarrez…
10) Ikusiko dugu inoiz euskal idazlerik Nobel sariarekin?
—Ez nago, printzipioz, sarien kontra, nahiz eta batzuen arautegia berreztertzea egoki izango litzatekeen. Nik ere irabazi ditut batzuk: lehenengoa, gainera (Irun Hiria saria), ezin hobeto etorri zitzaidan, neure buruan konfiantza hartzeko idazle gisa. Guztiaz ere, neurriz kanpo ikusten dut nik hainbat ekitaldiri ematen zaion proiekzio soziala: oscarrak, goyak eta Patxi Lópezen sermoiak…! Su-festak ikustera bakarrik etorri ote gara, bada, bizitza honetara…? Egia esango dizut: euskal literaturari askoz hobeto etorriko litzaioke plangintza orokor eta serio bat, herriko kultur taldeek eta instituzioek landua eta bultzatua, Nobel sari bat baino.
11) Disartria duzu bidelagun. Nor eta nolakoa da hura?
—Lehen erbi bat nuen mihi-puntan, eta orain dortoka bat. Hori da, labur esanda, disartria.
12) Eta nola daroazu haren konpainia?
—Oraingoz, ongi. Bera guztiz dago maiteminduta nitaz, baina nik pixkanaka joan behar dugula esaten diot. Poliki. Konfiantza pixka bat ere hartzen hasia naiz, egia esan. Lehen, adibidez, Disartria anderea deitzen nion, errespetu handiz. Orain dela hamar bat egun, baina, Dixartri deitu nion, eta bera, konforme. Bisita batzuk ere hartzen ditugu batzuetan: atzo, esate baterako, Eufraxi eta Paxkaxi etorri zitzaizkigun. Hurrengo egunetan, berriz, Dalmaxi eta Pankraxi eta Engraxi eta abar etorriko dira. Zerrenda, izan ere, oso luzea da: azkenekoa Eutanaxi ote den…
13) Uztekotan, zerk utziko luke mutu Joan Mari Irigoien?
—Honako berri honek, adibidez: “Espiritu Santua Bilboko udaletxera jaitsi, eta Azkuna jauna euskaraz hitz egiten hasi da”. Uste dut buruan dudan ile bakana ere kolpetik eroriko litzaidakeela. Burua bera ere bai, ausaz…
14) MAKILATXO MAGIKO BAT IZANGO BAZENU, ZER ALDATU/JARRI/KENDU/KONPONDUKO (...) ZENUKE?
—Arma guztiak desegingo nituzke, nahiz eta horrek erabaki mingarri batzuk hartzera ere bideratuko nindukeen: Pepe Madrilgo futbol-jokalariari, adibidez, bi hankak moztu beharko nizkioke. Edo potroak, auskalo…