"El Hortelano" 2012 gastronomia saria Joxe Mari Aizegarentzat izan da

Miryam Galilea 2012ko mar. 22a, 12:24

Basque Culinary Centerreko arduradunak “gure herrian eta Europan gastronomiaren alde” egin duen lana aitortu nahi izan dute. Aizegak gaur jasoko du saria, Tuterako “La Tafurería” gastronomia-elkartean egingo den afarian zehar.

“El Hortelano” Tuterako Gastronomia Elkarteen Federazioak bere izeneko saria Joxe Mari Aizegari, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiari, eman dio aurten, “gure herrian eta Europan gastronomiaren alde” egin duen lanarengatik. Irabazlea Nafarroako Michelin izarrekin, Ostalaritza Elkartearekin, sukaldariekin eta hainbat elkarte eta talderekin batera aukeratu ohi du Federazioak, bere saria Nafarroako sukaldaritzaren “Oskarra” izatea nahi duelako.
   Basque Culinary Centerrek gaur jasoko du saria, Pedro Jordán eskultoreak sortutako ortuzain baten irudia, Tuterako “La Tafurería” gastronomia-elkartean egingo den afarian zehar. Saria eman duen elkartearen buruak, José Aguadok, Joxe Mari Aizega zergatik aukeratu duten azaldu zuen: besteak beste, enpresa-zientzietako lizentziatu eta zuzenbide-dotore horrek “urte asko daramatzalako borrokatzen Gastronomi Zientzien Fakultatea sortzeko”. Bera da, izan ere, Mondragon Unibertsitateari atxikitako Fakultate berriaren zuzendaria.

Gastronomia Zientzien Fakultatea
Basque Culinary Center, Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultatea, era horretako bakarra da Europan, eta sukaldaritzaren eta elikagaien zientzien arloko ikerketa- eta berrikuntza-zentro propioa duen bakarra mundu osoan. Sukaldaritza-ezagutzen I+G arloan, batik bat gastronomia-zientziei eta elikagaien industriaren kudeaketari lotutako alderdietan, nazioartean erreferentziazko zentroa izatea du helburu.
   Espainian, ez zegoen gastronomiaren inguruko unibertsitate-ikasketa ofizialik. Hutsune hori Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen Graduak bete du irailetik, Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremuaren eskakizunekin bat datorren titulazioa eskainiz. Lau ezagutza-esparru handi jorratzen ditu: sukaldaritza-jangela-sommelier teknikak, negozioaren kudeaketa, zientzia eta teknologia, kultura eta artea.
   Basque Culinary Centerrek hainbat mailako hezkuntza eskaintzen du: graduko unibertsitate-titulua, graduondoko tituluak sukaldaritzako eta beste arlo batzuetako profesionalentzat, etengabeko prestakuntza eta eskaintza bereziak “sukaldaritzazale” sutsuentzat.
   I+G+b zentroaren helburua honako hau da: goi-sukaldaritzako profesionalen eta gastronomiarekin zuzeneko nahiz zeharkako loturak dituzten enpresa- eta ezagutza-arloen artean ikerketa eta ezagutza-transferentzia sustatzea, baterako sinergiei bidea emateko. Fakultateak sei ikerketa-ildo ditu: elikaduraren inguruko heziketa eta ohiturak, elikadurarekiko gizarte-erantzukizuna, elikadura-joerak, kudeaketa-berrikuntza arloko enpresetan, elikadurari lotutako teknologien garapena eta elikagaien prestakuntza, aurkezpena eta kontserbazioa.
   Basque Culinary Centerren sustatzailea Mondragon Unibertsitatea izan da, baina Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz eta Eneko Atxa sukaldarien laguntza ere izan du,  guztiek buru-belarri hartu baitute parte ekimena abian jartzeko lanetan. Babesleak ere ugariak izan dira: Mondragon Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritza, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, AZTI-Tecnalia teknologia-zentroa eta, era berean, Fagor Group, Heineken, Covap eta Eroski enpresak. Gainera, Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Aholkularitza Batzordeko kideak munduko sukaldaririk garrantzitsuenak dira, Ferrán Adriá buru dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak