Debagoieneko artzainen lehenengo azoka egingo dute bihar, zapatua Arrasaten. Mankomunitateko Turismo sailak eta Debagaraia Landa Garapen elkarteak antolatu duten X Jardunaldi Gastronomikoen baitan egingo da azoka hori. Arrasateko Udalak ere lagundu du antolaketan eta hain justu, hileko hirugarren zapatuan Arrasaten egiten duten baserritarren azokarekin batera egingo da artzainena.
Seber Altube plazan izango da, 09:00etatik 14:00etara eta hiru karpa egokituko dituzte. Bi karpatan, gaztagileek, baserritarrek eta txakoligileek euren produktuak ezagutzera emateko saltokiak egongo dira. Hirugarrenean, Arrasateko elkarte gastronomikoek gisatu lehiaketa egingo dute. Horrekin batera, pintxo dastatzea eta artilea nola lantzen den ikusteko aukera ere egongo da goizean barrena.
Bertako produktuei bultzada
Artzainen azokaren helburu nagusia –baita Arrasaten egiten den baserritarren azokarena ere– "bertako eta sasoiko produktuak bultzatzea" da, Agurtzane Diaz Uribide Debagaraia Landa Garapeneko ordezkariaren zein Marga Garmendia, Arrasateko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko sailekoaren esanetan.
Azokan sei gaztagile egongo dira –ikus ondoko taula–, guztiak Debagoienekoak eta Idiazabal jatorriko izendapenaren baitakoak eta gaztarekin batera, ardi esnea ere izango dute saltzeko. Baserriko bestelako produktuei dagokienez, 12 postu egongo dira, besteak beste, barazki eta ardo eta sagardo ekologikoarenak.
Gatzatua, gisatua eta beste
Gomiztegi kooperatibakoek gatzatua egiteko tailerra egingo dute. Batik bat gaztetxoei zuzenduta dago eta Seber Altuben jarriko duten mahaian gatzatua egiten ikasi ahal izango dute. Baita bertan egindakoa etxera eraman ere.
Aretxabaletako Etxezuri baserriko ardi haragiaren gisatu lehiaketa ere egongo da. SUDC elkarteko lehendakari Juan Luis Arkauzen bitartez Arrasateko 14 elkarte gastronomikok hartuko dute parte eta antolatzaileak oso pozik daude lehen lehiaketa horrek izandako erantzunarekin. 12:30ean izango da sari-ematea eta bi gisatu hoberenek plaka bana jasoko dute. Epaimahaia X. Jardunaldi Gastronomikoetan diharduten jatetxeetako sukaldariek eta Arrasateko pertsonaia ezagun batek –izena ez dute aurreratu nahi izan– osatuko dute. Lehiaketaren ostean, pintxo eran banatuko dute gisatua eta baita buzkantzak ere. Buzkantzak ere Atxezuri baserrikoak dira.
Pintxoekin batera, Arrasateko Otxia eta Oñatiko Upain txakolina emango dute, 1,5 eurotan.
Artilea landuko dute
Artilea nola lantzen den ikusteko aukera ere egongo da Debagoieneko Artzainen Lehen Azokaren baitan. Hain justu ere, Eskoriatzako Jausoro baserriko Maximo Iñurrategik jardungo du horretan Seber Altuben. Bestetik, Doneztebetik etorriko den Aitor Bastarrikak berak tindatutako artilezko produktuak erakutsiko ditu.