Jasone Mendizabal: "Indarrak batzea da hedabideok ditugun erronkei aurre egiteko ikusten dugun aukera bakarra "

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko mar. 16a, 09:29

Herri ekimeneko euskal hedabideek sektorearen diagnosia eta erronkak aurkeztu dituzte asteon. Argia, Berria eta Topaguneko ordezkariek hartu dute parte. Gu Jasone Mendizabal Topaguneko lehendakariarekin izan gara.

Sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta aurkeztu duzue herri ekimeneko euskal hedabideek. Nortzuk dira hedabide horiek eta zergatik sinatu duzue agiri hori?
Dokumentua sektoreko eragileok azken urtean elkarrekin egindako ibilbidearen emaitza da. Euskal Herriko 100dik gora hedabidek osatzen dute sektorea, askotariko produktuak kaleratzen ditugularik:  tokiko hedabideak eta nazio mailakoak, informazio orokorrekoak edota espezializatuak, prentsa, telebista, irrati zein Interneten kaleratzen direnak. Gure lana kaleratzeaz bat, lankidetza irudikatu nahi izan dugu sinatze ekitaldiarekin.


Batetik, sektorearen diagnostikoa aurkeztu duzue. Zein da diagnostiko hori?
Alde ilunen artean, guztioi eragiten digun krisi ekonomiko latza aipatu beharra dago eta horrekin batera bereziki komunikazio proiektuei  teknologia berriek ekarri diguten eredu krisia. Lan baldintzen prekarietatea eta inbertsioak egiteko ezintasunak ere ezaugarritzen gaitu. Hala ere, argi izpiak ere ikusi ditugu: gure produktuek harrera ona dute eta gure eragina garrantzitsua da. Elkarrekin 600 lanposturen ardura daukagu, urtean 27 milioi euroko aurrekontua kudeatzen dugu eta gure kalkuluen arabera 7 milioitik gora itzultzen diogu gizarteari zerga bidez. Funtzio soziala betetzen dugula argi dugu baina gure sektorea industria sektore gisa ere aintzakotzat hartua izan dadin aldarrikatzen dugu.


Aurrera begirako erronkak, hortaz, zeintzuk dira?
Lan baldintzak hobetu eta egonkortzeko eta sarerako negozio eredu propioa sortzeko inbertsioak egitea erronka garrantzitsua izango da. Bestalde, gure hartzaile eta bezeroei kalitatezko produktuak eskaintzeko etengabeko hobekuntzan lan egin beharra daukagu. Ikerketa eta berrikuntzan inbertitzea premia handikoa da eta horrekin lotuta euskal hedabideen behatokia sortzea da sustatu nahi dugu.


Eta erronka horien artean zeintzuk dira lehentasuna dutenak?
Erakundeen babesa lortzea ezinbestekoa izango da aipatutako erronkei aurre egiteko. Egungo diru laguntza ereduak ez du nahikotasunik eta hedabideon garapenerako hitzartutako babesa lortu beharko dugu.


Eta horri guztiari indarrak batuz egingo diozue aurre.
Bai, zalantzarik barik. Hedabideok lehiakideak izan bagaitezke ere, ditugun erronkei aurre egiteko aukera bakarra ikusten dugu: indarrak batzea. Erakundeen babesarekin ala gabe, gure esku dauden neurriak hartzeko konpromisoa hartua dugu eta hainbat urrats ematen hasiak gara: sektorea egituratzeko, publizitate bateratuaren eskaintza antolatzeko eta abar.


Euskal hedabideon funtzio soziala azpimarratzen duzue. Zein da?
Euskararen erabileran sektoreak duen garrantzia azpimarragarria da, gure medioen bidez 450.000 herritarrengana heltzen baikara. Era berean, euskaldunon komunitatearen kohesioari begira, munduko gertakizunak euskaraz jaso eta kontatzearen balioa funtsezkoa da.


Krisia aipatu dute lehen. Nola eragin dizue?
Zoritxarrez, azkenaldian, hedabide asko ikusi ditugu ixten.


Orain zer egingo duzue sinatutako dokumentuarekin? 
Prest agertzen diren instituzio publiko guztiekin konpartitzeko asmoa dugu, eta, horretarako, bien arteko mahai jarrai bat era dadin eskatzen dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak