Donostian egin duten agerraldian, gogora ekarri dute Denis Itxaso Gipuzkoako PSE-EEko ingurumen arduradunak, "2005ean errauskailuaren aurkako jarrera" agertu zuela. Bestalde, Markel Olano aurreko ahaldun nagusia kritikatu dute, bere garaian, "Pasaiako kanpoko badiaren inguruan eta errauskailuaren gainean herri galdeketarik" ez zuelako deitu.
Lehen kontra, orain alde
Era berean, salatu dute Denis Itxasok eta Gipuzkoako PSE-EEk atez atekoaren aurka darabilten politika, bereziki, Bilduko 34 alkatek atez ateko hiri hondakin bilketaren alde agertu ostean. Gogora ekarri dute, era berean, Odon Elortza 2005ean Donostiako alkate zenak, errauskailua kritikatzen zuela eta hiri hondakinak modu selektiboan batu eta birziklatzearen aldeko jarrera agertzen zuela. Baina urte gutxi batzuk geroago, "itsu-itsuan agertu dela errauskailuaren aldeko".
Herri galdeketen auzian, kritikatu dute EAJren jarrera, Txingudiko badian errauskailuaren aurkako herri galdeketaren aldeko oihuak entzun zirenean, berauek ez zituelako aintzat hartu eta jarrera hori Arartekoak ere salatu zuela.
"Txaketa aldatu"
"Olanok zein Itxasok txaketa aldatu dute, eraikuntza enpresen lobbyaren alde egitearren, baina inoiz ere ez herritarren interesen alde egitearren" diote Gipuzkoako Bildukoek.
Azkenik, Bildukoek esan dute atez atekoaren gaineko herritarren parte hartze prozesuak abian jarriko dituztela herrietan eta, zentzu honetan, oso positiboki baloratu dituzte bere garaian Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan abian jarri zituztenak.
Era berean, EAJri eta PSE-EEri luzatu diote eskua, "hiri hondakinen arazoari irtenbidea aurkitzen laguntzeko eta interes partikularrak albora" ditzaten.