PSE-EEk atez atekoaren kontrako kanpaina abiarazi du

Goiatz Arana Begiristain 2012ko martxoaren 13a

Hondakinak batzeko sistema hori "osasunerako kaltegarria, garestia eta antiestetikoa" dela adierazi eta Bilduri gezurra esatea egotzi dio, atez atekoarekin %80 birziklatzen dela esateagatik. Sistema horren "eragozpenen" gaineko 87.650 esku-orri banatuko ditu Gipuzkoako 26 herritan.

Atzo, astelehena, egin zuen agerraldia Gipuzkoako PSE-EEk. Susana Corcuera sozialistak "gezurretan aritzea" leporatu zion Bilduri: "Bolbora bustia asmatu dutela uste dute eta Europako herrialderik aurreratuenak baino gehiago birziklatzera ailegatu daitezkeela. Gezurra da atez atekoarekin %80 birziklatzen dela. Emaitzak ikusgarriak direla diote, errealitatea denean zentzugabekeria baten aurrean gaudela". Ildo horretatik, Corcuerak adierazi zuen atez atekoak "iraganera itzultzea” dakarrela, "zakar poltsak kale bazterretan uzten ziren garaietara".

Denis Itxaso: "Bilduk badaki atez atekoak mugak dituela"

Agerraldi horretan bertan, hainbat datu eman zituen Denis Itxaso PSE-EEko Gipuzkoako Ingurumen idazkariak, Bilduk jarritako helburuak "harrapaezinak" direla erakusteko: "Bilduk badaki atez atekoak mugak dituela. Entzungor egiten ari da datuei eta sistema horren kontrako gizartearen aldarriari".

Itxasoren esanetan, atez atekoa Gipuzkoako beste 34 herritara zabaltzeko erabakia ez da hondakinen arazori irtenbidea emateko, batzuen kontsigna ideologikoak aurrera eramateko baizik: "Modu horretan, gizartearen %30aren hondakinak baino ez dira kudeatuko eta, beraz, ez gaude konponbide integral baten aurrean, inondik inora. Bilduk, gainera, ez du argitu oraindik zer egin asmo duen birziklatu ezin daitekeenarekin".

Eta Ingurumeneko ordezkari sozialistak zera gaineratu zuen: "Bilduk aurrera jarraitzen badu bere asmoekin, zabortegiak ireki beharko ditu errefusarentzako eta materia organikoak askatzen duen lokatzarentzako. Gaur egun 6.000 tona materia organiko batzen badira eta 2013an 15.000, zein herritan inauguratuko dituzte zabortegiak?".

Informazio kanpaina 26 herritan

PSE-EEk atez atekoak bosgarren edukiontziarekin alderatuta dituen eragozpenak erakutsiko ditu abian jarri duen informazio kanpainaren bitartez. Euren esanetan,  aurreko legealdian EAJ, PP eta PSE-EEk bultzatutako bosgarren edukiontzia "garbiagoa, ekonomikoagoa eta erosoagoa" da eta, horregatik, lurralde osoan hedatzea proposatuko dute, "koalizio abertzaleak inposatu gura duen atez atekoaren ordez".

Gaur egun, Gipuzkoako 23 herritan dago bosgarren edukiontzia, tartean, Aretxabaletan.

PSE-EEk 87.650 esku-orri banatuko ditu Gipuzkoako 26 herritan; Debagoienari dagokionean, Bergara, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasaten. Horrekin batera, sozialistek aurreratu zuten mozioak aurkeztuko dituztela Bilduk atez atekoa ezarriko duela iragarri duen herrietan.

EAJ, "erantzule"

Ordezkari sozialistek EAJ egin zuten Gipuzkoan hondakinei dagokienean bizi dugun egoeraren erantzule, "atez atekoaren kontra dagoela esan arren, ez duelako ezer egiten Bilduren kudeaketa arduragabearekin bukatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak