Aralarrek izan ezik, oposizioan dauden gainerako alderdi guztiek bat egin zuten PIGRUG-i babesa ematen eta atez ateko sistema baztertzen atzoko osokoan.
Zaborra "urrutira" bidali
Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak Xabier Ezeizabarrenak azpimarratu duenez, "ez dago borroka politikorik ez atentzioa aldentzeko jarrerarik. Izan ere, %85eko birziklatze-tasara iristea oso zaila da eta, baldin eta lortzen bada, gelditzen den zabor-kopurua handia da itxiera zikloa amaitzeko". Hori horrela, Ezeizabarrenaren iritziz, "egin behar dugun azken gauza zaborra Bizkaira, Nafarroara edota Iparraldera bidaltzea da, arazoa gainetik kentzeko eta beste batzuei uzteko. Bilduk zaborrekin PPk Prestige itsasontziarekin egindakoa egin nahi du: zaborra, itsasontzia bezala, zenbat eta urrutiago orduan eta hobe".
Jeltzaleek argi dute atez atekoa ez dela irtenbidea, "besteak beste, ez baitago arduraz proposatua eta, era berean, gipuzkoarren erdiek baino gehiagok ez dute erabiliko”.
Europan atez atekoa eta errauskailua, batera
Jose Maria Murgiondo ordezkari popularrak, berriz, orain arte lortutako birziklatze datuak gogora ekarri zituen PIGRUGen alde egiteko: %43 Gipuzkoan, "Europako batez bestekoa baino puntu bat gorago". Halaber, adierazi zuen Europan, atez atekoak onespenik handien duten herrialdeetan ere errauskailua erabiltzen dutela zabor soberakinei irtenbidea emateko.
Sozialisten ustez, berriz, Bilduk "nahasmena" besterik ez du eragin gura atez atekoaren sistema debaterako planteatzean. Mikel Duran sozialista bozeramailearen ustez, zero zabor da "aprobetxatu ahal den guztia eta soberakina erraustea".
Sistema toxikoa
Bere aldetik, Bilduk gogora ekarri gura izan zuen inguruko zenbait erkidegotan ere errauskailuaren kontrako erabakia hartu dutela, adibidez, Nafarroan, Errioxan, Burgosen eta Asturiasen. Eta azpimarratu zuen Gipuzkoak ez duela zaborraren arazoa konpondu behar berez "toxikoa" den errauskailuaren sistema erabilita. Iñaki Azkaratek berretsi egin zuen atez atekoarekin zero zabor helburua lortzea posible dela.