Bere zabor bilketarako eredua "etsi-etsian" inposatu nahi izatea leporatu dio EAJk Bilduri

Txomin Madina Milikua 2012ko ots. 23a, 18:35

GBBko bozeramaile eta Antzuolako zinegotzi Maria Eugenia Arrizabalagak sinatutako komunikatuan, jeltzaleek salatzen dute atez ateko zabor bilketa sistema modu "autoritarioan" inposatzea erabaki duela Ezker Abertzaleak. Gipuzkoarrak engainatzen ari direla ere gaineratzen dute.

EAJrentzat, gehiengo osoa duten udalerrietan atez ateko bilketa-sistemari ekiteko Bilduk egin duen iragarpena "errespetua galtzea" da, iragarpena  dagozkien udalerrietan egin beharrean prentsaurrekoan egin izanagatik . Jeltzaleek gaineratzen dute Ezker Abertzaleak  modu "autoritarioan" ezarri gura duela sistema, herritarrei kontsultarik egin gabe, eta parte hartzeko aukerarik eman gabe.

Atez ateko sistemaren inguruan ere hainbat kritika egiten dituzte EAJtik; hala nola, atez atekoak ez diola konponbiderik ematen azken hondarrari; ez dituela zabortegiak eta erraustegiak saihestuko; eta sistema aldatzeak gastu arrunta modu garrantzitsuan haztea dakarrela Bilduko alkateak dituzten udalerrietan.

"Ezker abertzalea gipuzkoarrak engainatzen ari da"

Hedabideei igorritako dokumentuan, EAJk dio Ezker Abertzalea gipuzkoarrak engainatzen ari dela, jeltzaleen esanetan ez duelako esaten, edo ezkutatu egiten duelako erraustegia edo zabortegiak handitu edo berriz zabaldu beharko direla. Atez ateko sistemak "zabor turismoaren" fenomenoa ekarri duela ere gaineratzen dute. Antzuola jartzen dute horren adibide, esanaz Antzuolan 2011an hiri hondakinen %40 desagertu egin dela. Jeltzaleentzat arazoa konpontzen ez duen sistema inposatzen ari zatzaizkigu.

Komunikatuan ematen dituzten datuen arabera, 2000tik 2010era hiri hondakinen bilketa selektiboa %17,4tik %43,31ra igo da. "Datu horiekin agerian uzten da, XXI. mendean sentiberatasuna eta heziketa izan behar direla birziklapenaren aldeko oinarriak, eta ez inposizioa" diote jeltzaleek, eta gaineratu orain arte egindako lana dela segitu beharreko bidea.

Jeltzaleek salatzen dute Bilduk bere zabor bilketa inposatzeko ahaleginaren aurrean gaudela. Gaineratzen dute baita ere, errausketa saihesteko helburua jarrita, Ezker Abertzaleak etsi-etsian hartu duen estrategiaren lehen fasea dela atez atekoa inposatzea, eredu osoa definitu gabe eta azaldu gabe. "Etsi-etsian ari da Bildu, gaurkoan absurdoa  eta bihar, erremediorik jartzen ez bada, kaos hutsa kudeatuz" diote EAJtik.

Partaidetzarako mekanismoak

Gauzak horrela, jeltzaleek iragarri dute  Bilduk atez ateko sistema jarriko duela iragarri duen udalerri guztietan herritarren partaidetzarako mekanismoak exijituko dituztela, EAJkoen esanetan, galdeketa batekin amaitu daitezkeen mekanismoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak