1. "Ai, ama!". Noiz erabili duzu esamolde hori azkenekoz?
Atzo gauean bertan: ohera nindoala ispilu bat hautsi nuen, eta hamaika "ai, ama!" bota nituen! Askotan erabiltzen dudan esaera da, gehiegitan...
2. Zer eskaintzen dio Itziar Atientzak Ai, ama!-ri?
Ikusi egin beharko da programek aurrera egin ahala; ni neu ere nire lekua hartzen nabil. Freskotasuna ematen saiatzen naiz; gonbidatuarekiko konplizitatea lortzen, estualditxoetan jarriz, baina beti modu erosoan eta dibertigarrian.
3. Hiru urte egin zenituen Vaya Semanita-n. Markatu egiten du?
Markatu baino gehiago, esperientzia ematen du, eta hori nabari dut orain: lau plato egiten ditut astean, eta erronka honi aurre egiteko oso ondo etorri zait Vaya Semanita-n ikasitakoa.
4. La Nere izan zen zure pertsonaia gakoetako bat. Hura bezalako asko ezagutu dituzu?
Ez hainbeste! Ni neu ere la Nere samarra izan nintzen 14-15 urterekin. Baina pertsonaia estereotipatua zen eta irudimena erabili genuen.
5. Gaztelaniaz eta euskaraz, umorea berbera da?
Ez; horixe ari naiz orain esperimentatzen. Erreferenteak ezberdinak dira, hizkuntzarekin ere beste era batera jokatu behar da... Oso polita da hori, sormenerako beste aukera bat ematen du.
6. Antzerkian, berdin du antzokia beteta edo erdi hutsik egoteak?
Ez; batzuei bajoia ematen die, baina niri ez dit horretan eragiten: jende gutxiago dagoenean funtzio intimoa egiten saiatzen naiz, etorri direnendako askoz bereziagoa.
7. Nola bukatzen du abokatu eta euskara teknikari denak aktore?
Bukatu... akaso tabernan lanean bukatuko dugu! Bizitzak buelta asko ematen ditu eta niretzat oso garrantzitsua da barruan sentitzen dudanarekin bat egitea. Damutu? Ez, nork bere bidea egin behar du, eta hau izan da nire bidea.
8. Abokatu moduan, zer ez zenuke defendatuko?
Uf! Abokatuen lana ez da defendatua epaitzea, defendatzea baizik; bestela, epailearen tokian jarriko ginateke. Borroka etikoa hor dago, baina edozein pertsonak du defentsarako aukera. Ez dago defendatuko ez nukeen ezer.
9. Eta euskara teknikari moduan, zein akatsek jartzen zaitu sutan?
Akatsek baino gehiago, jendearen borondaterik ezak jartzen nau sutan. Jende asko ikusten zenuen urtetan euskara ikasten, erraztasun pilarekin... eta gero, euskara egiteko orduan borondaterik ezarekin.
10. Astegunetan telebista, asteburuan antzerkia; eta zuretako astia?
Orain, astelehenetik ostegunerako goiz guztiak libre ditut; Donostiara etorri naiz bizi izatera, eta hiria ezagutzen nabil.
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Maite dudan jendeari, eta jendeari orokorrean, bizitzak dakartzan kontuei aurre egiteko ausardia banatuko nioke: norberaren barrenari entzuteko, eta baita kanpoko kontuei aurre egiteko ere. Neure buruari ere emango nioke apur bat".