Marian Zubia: "Gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak aurkitu nahi ditugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ots. 20a, 12:11

Egunetik egunera, gehiago dakigu ume lapurtuen ustezko sarearen gainean eta ustezko kasuen gainean. Izan ere, SOS Haurtxo Lapurtuak elkarteak lan handia egin du azken hilabeteotan ustezko kasuak ikertu eta amarru hori argitzeko. Elkarte horretako bozeramaile da Marian Zubia (Elgoibar, 1972). Gaur egun Orion bizi da. Bere ama biologikoa topatu nahi du, adopzioan hartutako ume lapurtu horietako bat dela susmoa duelako.

Noiztik dihardu lanean SOS Haurtxo Lapurtuak elkarteak?
Iazko maiatzean hasi zen lanean. Aurretik, bazen beste elkarte bat, Asociacion Nacional de Adopciones Irregulares izenekoa, baina hortik aldentzea erabaki genuen, iritzi ezberdinak genituelako. Euskal Autonomia Erkidego mailan egiten dugu lan, baina harremanak ditugu Nafarroako eta Espainiako elkarteetako kideekin.

Zenbat kide zaudete bertan?
700 eta 1.000 artean izan gaitezke arazoak eragindakoak.

Tipologia ezberdinekoak, ezta?
Bai, bagaude guraso biologikoak, hau da, umea kendu ziotenak; umeak adopzioan hartu zuten guraso; ume adoptatuak eta baita  apropiatuak ere.

Igarri duzue azkeneko hilabeteotan geroago eta jende gehiago ari dela zuengana hurbiltzen?
Bai, bai. Hiru hilkutxa ireki eta barruan ezer ez aurkitu izanak eragin du asko eta asko hurbiltzea guregana. Zalantzan zeudenak eta ezkutuan edo anonimotasunean jarraitu nahi zuten asko, hurbildu zaizkigu azkenaldian. Jende askok, hasieran, uste zuen sei ero ginela. Beste zereginik ez geneukala. Orain ohartu dira egia esaten ari garela eta arazoa ez dela kanpokoa, baizik eta bertakoa dela.

Zein da zuen helburu nagusia?
Gure gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak aurkitzea. Eta jakinaraztea zein ospitaletan gertatzen zen hau eta pertsonen, errudunen, erantzuleen, izen-abizenak ezagutzea. "Halakok ala bestekok horrenbeste ume jaioberri lapurtu zituen" esan ahal izatea.

Ustezko ume jaioberri lapurtuen zenbat kasu egon daitezke Gipuzkoan?
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan hartuta, 700 eta 1.000 artean izango dira, gure datuen arabera. Baina zaila da, ze egunero-egunero jasotzen ditugu deiak. Egunean, 10 edo 15 dei jasotzen ditugu.

Hedabideetan-eta informazioa zabaldu ahala, jendea bere kasua ikertzera animatu da?
Bai. Ikusi du jendeak egia izan daitekeela, susmoak egi zantzua hartu duela, benetan eta serio ari garela...

Gainerako euskal lurraldeetan baino gehiago Gipuzkoan?
Bai, askoz ere gehiago. Gipuzkoan 600 ustezko kasu baino gehiago dira.

Zergatik da hori?
Ez dakigu. Ez da Gipuzkoan gehiago ikertu dugulako, baizik eta hemen ustezko kasu gehiago izan zirelako beste lurralde batzuetan baino. Zizurkileko Fraisoro etxera, Diputazioarena zen hartara, ume adoptatuak, legalki, ematen ziren tokira, jendea kanpotik etortzen zela jakin dugu. Emakume ezkongabeak-eta hara joaten ziren erditzera. Haurdunaldi eta erditze faltsua egin eta umearekin itzultzen ziren etxera. Iparraldetik eta Frantziatik gertuago dago Gipuzkoa. Eta horrek ere eragina izango du seguruen.

Sare antolatu bat egon zen ume jaioberri lapurtuen inguruan?
Bai. Ume bat bahitzeko behar dira medikua, emagina, anestesista, umea ospitaletik aterako duen norbait… Gauzak ondo antolatuta egon behar ziren, ezinbestez. Mediku batzuk eta erlijioso batzuk, mojak, apaizak…, hor, amarru horren barruan, behar zuten egon. Irregulartasunak antzeman diren kasuetan, horiek agertzen dira inplikatuta.

Ospitaletan lanean zihardutenen aldetik zuekin kontaktuan jartzeko deirik jaso duzue, inor etorri zaizue ebidentziak kontatzera?
Deiren bat edo beste bai izan dugu, baina oso zaila da salaketa beste barik egitea. Frogak behar dira horretarako. Lekuko zuzenen testigantza zehatzak oso garrantzitsuak izango lirateke.

Zuen ikerketen arabera, ze urteren artean funtzionatu zuen sare antolatu horrek?
Arazo asko izan ditugu hau dena ikertzeko. Informe faltsuak agertu dira, edo badakigu leku batzuetan izoztutako ume hilak erakusten zituztela, hainbat ume adoptatutakoen jaiotze datekin irregulartasunak antzeman ditugu… Hori guztia egiteko jende asko eta alor ezberdinetakoak behar dira. Lortu ditugu paperak, non frogatzen den ospitale batetik ume bat atera zela, baina, gero, ez dago paperik frogatzeko ume hori beste ospitale batean sartu zela. Ez delako ume hori ospitalean sartu.

Zerk mugiarazten zuen sare antolatutako inplikatuak hala jokatzera?
Diruak, argi eta garbi. Arrazoi ekonomikoak daude tartean.

Zailtasunak aurkitu dituzue kasuak ikertzerakoan?
Bai. Bereziki, erregistroetan. Ospitale batzuek ematen dute informazio zehatza; beste batzuek, informazioaren zati bat. Beste ospitale batzuk itxita daude eta ezin izan dugu informaziorik lortu. Eta erregistroetan ere arazoak aurkitu ditugu. Erregistroetan egon beharko lirateke abortuen paper-sortak. Izan ere, umea hilda jaiotzen bada edo 24 ordu baino lehenago hiltzen bada, ez da egoten jaiotze data literalik, baizik eta paper-sorta. Hor jartzen du ume horren historial klinikoa: zergatik hil den, ze medikuren zaintzapean egon den… Baina paper-sortarik ez dugu aurkitu hainbat eta hainbat kasutan. Ama askok eta askok ez dauka paper-sorta edo ezelako agiririk frogatzen duena umea erditu zuela, edo ama izan zela. Hori oso gorra da. Haurdunaldia izan, umea erditu duzula jakin, ama izan zarela ere bai, baina hori frogatzeko agiririk ez izatea, gogorra da, gero. Umea lapurtu dizutela sumoa izan zenezake, baina ez daukazu ezer hori frogatzen lagunduko dizunik.

Zer egin?
Zaila da. Jende asko dago desesperatuta. Eta, gainera, pilota bat bezala erabiltzen zaituzte, batetik bestera: orain, Tolosako erregistrora; hurrengo, Beasainera; hurrengo, Eibarrera… Hori gelditu egin behar da. Ez da posible.

Ze urteren artean gertatu zen hau guztia?
1940tik 1997ra bitartean. Ia gaur arte.

Erakundeen aldetik, bai Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik zein Eusko Jaurlaritzaren aldetik, ze jarrera aurkitu duzue?
Berba onak jaso ditugu eta orain sumatu dugu gauzak mugitzen hasi direla, baina mantso doa dena.

Raxoiren gobernuak ikerketan aurrera egiteko zailtasunak jarriko dituela entzun da. Hala da?
Nahiko nuke pentsatu gauzak bere bidetik joango direla, zailtasunak zailtasun, eta inork ez duela agindurik emango oztopoak jartzeko. Hori pentsatu nahiko nuke. Orain, Raxoik zer pentsatzen duen ez dakit. Ezin erantzun. Hari galdetzea onena.

Kaltetuen profilak zeintzuk dira?
Batetik daude ama biologikoak. Kasu honetan funtzionatzeko modua hauxe zen: ama loarazi egiten zuten, erditzerako orduan, umea jaiotzen zenean hartu eta eroateko. Beste batzuetan, ama esna egon arren, umea jaiotzen zenean korrika eta presaka eroaten zuten amaren ondotik, umea garrasika hasi aurretik. Amak ez zuen umea ikusten eta adierazten zioten amari umea hilda jaio zela edo hil egin zela erditu eta berehala. Horrela, edozein ume hil erakusten zioten amari. Sarritan, izoztutako umeak erakusten zieten gurasoei; ume berdina, guraso ezberdinei. Beste batzuetan, umea malformazioekin jaio zela-eta, umea ez ikustea gomendatzen zien gurasoei…

Hilkutxak ere erakusten zizkien gurasoei, ezta?
Bai. Ospitaletan esaten zieten gurasoei ume jaioberri hila lurreratu behar zutela eta hilkutxak erakusten zizkien. Hilkutxa itxiak, jakina, inork ez zabaltzeko modukoak. Esan behar da ospitaleek ez zutela umeak lurreratzeko eskumenik. Hilerrietan sartzen den guztia idatzita, erregistratuta, egon behar da idatzi batean: pertsonaren izena, edo elbarritua bada, gorpuzkiaren zatia zehaztuz. Hau da, dena ondo zehaztuta eta idatzita geratzen da. Hori da ohiko funtzionamendu egokia. Erregistratuta ez dagoena, ez da sartu hilerrian.

Eta adopziozko amak?
Jendeak uste du adopziozko gurasoek bazekitela ume lapurtua eroaten zutela etxera, baina hori ez da hala. Gehienek ordaintzen zuten tramitea egitearren. Esaten zioten umezurtzak zirela, edo ama biologikoek euren borondatez utzitako umea zela, arazo ekonomikoak zituztelako edo beste arrazoiren bat tarteko. Ez zieten egia esaten. Ospitaleko gastuei aurre egiteko zela esaten zieten adopziozko gurasoei. Engainaturik zituzten horiek ere.

Ze preziotan saltzen zituzten umeak?
Garai hartako milioi bat pezeta eta hiru milioi pezeta artean ordaintzen zituzten. Adopziozko amen artean baziren dirudunak, baina horrenbeste diru ez zutenak ere baziren eta umea epeka ordaintzeko erraztasunak ematen zituzten.

Ume osasuntsuak eroaten zituzten?
Bai eta, gainera, bikietan erreparatzen zuten bereziki. Kilo gehien zituen umea aukeratzen zuten.

Debagoienean, gure eskualdean, ezagutu dira kasuak?
Bai, horixe badirela. Gehienak dira adopzioa kanpoan, Espainian, egin dutenak. Badaude hemen bizi eta Donostiako ospitalean eduki zutenak umea eta ustez lapurtu ziotena, eta badira hemengo ospitaletan erditu zuten amen kasuak ere.

Debagoieneko ze herritakoak dira kasu horiek?
Ezin dut datu hori eman, inplikatutakoekin egon barik. Ia herri guztietan daude halako kasuak.

Zure kasuan, Marian: zergatik erabaki zenuen ikertzea?
Ni enteratu nintzen ume adoptatua nintzela 11 urte nituenean, lagun baten bidez. Urte haietan kontu hauen gainean berba egitea tabua zen. Ez dut ulertzen zergatik zen hala, ze umerik eduki ez izana ez da bekatua eta ume adoptatua edukitzea eta norberak adoptatua dela jakitea ere ez da bekatua. Saiatu nintzen gurasoei informazioa aterarazten, baina aitak botatzen zidan begiradarekin, hobe nuen gaia ahaztea.

Zelakoa zen zure adopziozko gurasoekiko harremana kontu honen gainean?
Ama gaixo eduki dut 9 urte nituenetik. Jakinminaren eta zure adopziozko gurasoei zor diezun errespetuaren eta leialtasunaren arteko borroka etengabean bizi izan naiz. Nire aita duela 7 urte hi zen eta apur bat lehenago hasi nintzen etxean gauzak begiratzen: ea bazegoen kontratu paperik, adopziozkorik, ordainketarik, kontratu pribaturik… Ez nuen ezer aurkitu eta aita hil zenean Diputaziora jo nuen. Paper bat idatzi nuen esanez ume adoptatua nintzela eta erantzun zidaten Fraisorokoa izango ote nintzen. Izan ere, adopzio legal guztien gaineko informazioa Diputazioan dago. Hiru astera, joan nintzen Diputaziora eta esan zidaten ez nintzela adoptatua, paper guztiak begiratu zituztela eta ez nintzela ageri. Ez Fraisoron eta ez inon, ez nintzen ageri. Nire jaiotze data eta agiria begiratu eta esan zidaten nire ama adopziozkoarena nintzela.

Horren aurrean?
Esan nien ezinezkoa zela, nire ama adopziozkoa ama biologiko moduan agertzea, besteak beste eta batez ere, esterila elako. Eta, bestalde, 45 urte zituelako adopzioan hartu nindutenean. Halaxe geratu zen kontua.

Ondoren?
Nire ama adopziozkoaren ahizparengana jo nuen, nire izebarengana. Ziurtatu zidan ama esterila zela eta esan zidan nire gurasoak, adopziozkoak, hiru egunez herritik joan zirela eta bueltan ume batekin etorri zirela. 1972ko irailaren 29a zen. Izebak esaten zidan nire gurasoak Madrileko Escorialera joan zirela eta han emakume bat hurbildu eta umea eman ziela, adoptatu egin nindutela, alegia. Eta emakumea, gero, desagertu egin zela. Baina ni ez nintzen Madrilen jaiotako moduan agertzen, baizik eta Tolosan jaiotako moduan. Fraisorokoa ez nintzen. Madrilekoa nintzela esaten zidaten, baina nik nituen dokumentuetan ageri zen Tolosako La Asuncion ospitalean jaioa nintzela. 1972ko irailaren 29an. Bestetik, erregistroan, jaiotze agiriaren bila joan nintzenean, esan zidaten, ginekologoak ziurtatzen duela ospitalean erditu ninduen emakumea nire ama adopziozkoa dela. Hori ezinezkoa zen. Kontraesan handiak! Orduan, erregistrokoak jarri ziren harremanetan ospitalearekin eta han ziurtatu zuten ni han ez nintzela jaio. Bestalde, nire familiakoek esan zidaten Madrileko Escorialekoa asmakizuna zela, benetako egia tapatu nahi zutelako.

Zein da zure susmoa, zein zure egia?
Tolosako Asuncion ospitalean jaioa naizela, baina nire jaiotze data eta agiria faltsuak direla. 1972ko irail amaiera inguruan ekarriko ninduten Elgoibarrera, baina jaio, berez, astebete lehenago-edo jaio nintzela. Bestalde, niri esaten zidaten jaio berritan, ume txikia nintzela. Hori izan daiteke, edo bikia nintzelako edo goiztiarra nintzelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak