Egubakoitzean, gauerdia pasatxo, abiatu ziren 80 bat senide eta lagun Poitiers Vivonneko (Frantzia) espetxe aldera. 550 km egin eta gero iritsi ziren kartzelara. Han daude, Gorka Azpitarte (Ezkoriatza), Eneko Zarrabeitia (Abadiño), Saioa Sanchez (Berango) eta Maite Aranalde (Ibarra) presoak eta haiei "herriaren berotasuna" helarazteko egin zuten martxa.
Goizeko 11:00etan agerraldia egin zuten eta txalapartariak eta abeslaria egon ziren, besteak beste. "Preso politikoen eskubideen zapalketa salatzeko eta haiekiko jazarpenaren amaiera eskatzeko", gartzelako zuzendariari gutun bat bidaltzeko kanpaina bat ere abian egon da egunotan, eta lortutako sinadurak bertan luzatu zizkioten zuzendariari. Gero, ekitaldiari amaiera emateko, martxan parte hartu zutenek espetxeari buelta eman zioten presoen aldeko oihuak eginez eta haiei animuak emanez eta ekitaldiari amaiera eman zioten.
Etxera bueltan pozik ziren martxan parte hartu zutenak, “elkartasunaren beroa hormen beste alderaino eramateagatik”.
Azpitarte eta Zarrabeitia zigortuta
Azpitartek zein Zarrabetitiak zigor bana dute une honetan. Gorka Azpitartek beste preso batekin hitz egiteagatik 30 egunetan ezingo du kiroldegia erabili. Eneko Zarrabeitiak, berriz, ezingo ditu bi hilabetez bere senideak besarkatu, beste kide baten senideei aupada bat egiteagaitik ezarri dioten zigorragaitik. Bestalde, “mittar” deituriko isolatzeak eguneroko ogia direla ere aipatu dute.