ACTAren aurka egiteko, manifestazio jendetsuak Europako hirietan

Irati Goitia 2012ko otsailaren 12a

Atzo, ACTAren aurkako nazioarteko eguna ospatu zen Europan. Milaka pertsonak hartu zuten parte protesta ekintza koordinatuetan. Egubakoitzean, bestalde, Alemaniak iragarri zuen akordioa oraingoz behintzat ez duela sinatuko.

ACTA datuen faltsutzearen aurkako akordioa da. Nazioarteko hitzarmena da eta, besteak beste, Australia, Kanada, Japonia, Zeelanda Berria eta Amerikako Estatu  Batuek sinatu dute. Urtarrilean Europar Batasunak ere bat egitea erabaki zuen.

Hitzarmen multilateral boluntarioa da eta bere helburua da jabetza intelektuala babestea. Lan horretan, Interneteko pirateria mugak jartzea zehazten du, besteak beste. Ondorioz, akordio honek kontrolerako neurri gogorragoak ekarriko lituzke eta herrialdeen arteko mugez haratagoko zaintza areagotzea ahalbidetuko luke. Izan ere, datuak babesteko, herrialde ezberdinek indarrak batzea eta araudi komuna erabiltzea da lortu nahi dena.

 Akordioak ezarriko lituzkeen prebentzio neurrien artean daude: isunak eta kartzela zigorra.

Herrialdeek era boluntarioan egin dezakete bat hitzarmenarekin. Jada, Europar Batasuneko 22 herrialdek sinatu dute, baina oraindik Europar Parlamentuan berretsi behar da. Ekainean izango dute gaia mahai gainean.

Baina, badirudi indarra galtzen dabilela. Izan ere, ez sinatzea erabaki duten herrialdeen zerrenda gero eta luzeagoa da eta protestak ere izan dira.

Alemaniak ez du sinatuko

Alemaniako Atzerri Arazoetako Ministroak akordioa ez sinatzeko agindua eman zuen egubakoitzean, Europar Batasunak bere aldeko botoa ematen ez duen bitartean. Mexiko izan zen akordioarekin bat ez egitea erabaki zuen lehen herrialdea. Ostean etorri ziren, besteak beste: Polonia, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Letonia. Herritarren artean piztutako aurkako iritziak eta izan diren protestek eragin zuzena izan dute agintariek erabaki hori hartzerako orduan. Hain zuzen, zapatuan, jendez bete ziren hainbat hiriburutako kaleak.

ACTAren aurkako eguna

Atzo, ACTAren aurkako nazioarteko eguna ospatu zen Europan. Milaka pertsonak hartu zuten parte protesta ekintza koordinatuetan; kontinente osoan 200 protesta izan ziren. Manifestaziorik jendetsuenak Alemania, Polonia eta Holandakoak izan ziren. Londresen, adibidez, 200 lagun elkartu ziren hiriburuaren erdigunean, autore eskubideen babeserako eragile garrantzitsuenen bulegoen aurrealdean.

Manifestatzaileek argudiatzen dute ACTA akordioak adierazpen askatasuna mugatuko duela Interneten.

Hitzarmena babesten dutenek, bestalde, adierazi dute hitzarmenak ez duela egun datuen babeserako eremuan dauden legeen aldaketa ekarriko; baizik, autoreei babesa eskainiko diela, Interneteko pirateriari aurre egiterako orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak