Bergara Mondra baino gehiago izan da, markagailuan, eta jokoan. Norbaitek esango du Cabanillasen lehenengo gol goiztiarrak goitik behera baldintzatu duela partidua; zuri-moreei mesede ez zien egingo gol horrek, baina bestela ere Bergarak inork baino etekin handiagoa ateratzen dio zelai naturalean jokatzeari.
Eta ez joko ona egiten dutelako –aurreikusi baino hobeto zegoen berdegunea, nahiz eta labankor– baina bai baloia lapurtu eta pase pare bat eginda kontrarioaren ate aurrera iristen direlako. Gainera, kontrarioak defentsan gaur Mondrak eman dituen besteko erraztasunak ematen baditu, eginda dago bidea.
Bergarako erdiko zelaia Mondrakoa baino gehiago izan da; lehenengo zatian Mondra birritan iritsi da Bergarakoen ate ingurura, eta hala ere gola egiteko aukera garbiren bat izan dute arrasatearrek. Baina Bergarak Ander Ruiz de Azuaren atera bota duen guztia barrura sartu du –gol asko ederrak izan dira–, eta halaxe etorri dira Cabanillasen (2), Eloy Cresporen, Aitor Oregiren eta Iñigo Machoren golak.
Arrasatekoak partidu txukuna egiteko asmoz joan dira Agorrosinera, baina 10 minututan 2-0 ziren markagailuan, eta atzealdeko postuetan egotearen presioak ito egin ditu. Taldeko kapitainak eta atezainak –beteranoenak biak– eztarriak urratu dituzte urperatzera zihoan belauntzia zuzentzeko, baina alperrik, ahazteko moduko partidua izan da zuri-moreendako.
Kronika osorik, Astelehemeko Goiena paperean.