Iñaki Perurena: "Azken urteotako apustua harria jasoaz zahartzea dut"

Sergio Azkarate Beitia 2012ko ots. 2a, 16:00

Harakina, harri-jasotzailea, aktorea... Nork ez du ezagutzen leitzarra? Orain, harria eta herria, biak uztartzen ditu bere azken proiektuan, Peru-Harri museoan.

1. Eguneko 24 orduak nahikoa dira dituzun okupazio guztiendako?
Ordu horietako batzuk okupatzeko izaten ditut, zeregin bila ibiltzen naiz denbora alferrik ez galtzeko. Gauza batzuk egin eta egin ibilita ere ez dira amaitzen, eta tarte bat hartu behar da bizitzako puska txiki eta gozagarriak egiteko.

2. Aizkoran hasi arren, egurretik harrirako saltoa eman zenuen.
Umetan zaletasuna harria nuen, baina etxean ez zuten nahi, kalte egingo zidalakoan. Herrian aizkora ezagunagoa zenez, horretan ibili nintzen; baina nire benetako zaletasuna harria izan da beti.

3. Herri kirolek zenbat dute folkloretik eta zenbat kiroletik?
Folklorea diogunean, badirudi pisua kentzen diogula zerbaiti. Folklorea eta folklorikoa ezberdinduko nituzke. Herri kirola da herri baten izatea, kultura eta folklorea. Ez dago neurriak zehazten ibili beharrik.

4. Zer da indarra bururik gabe?
Batzuetan arrisku larria indarkeriara eraman dezake-eta.

5. Ez duzu lehiaketetan parte hartzen. Norberaren burua da aurkari gogorrena?
Niretzat beti da lehiaketa; lehiatzea norberaren edo beste baten aurka izan daiteke. Nire garaian egin nituen apustuak; egun, aukera dago egin gabe ibiltzeko. Azken urteotako apustua dut harri jasoaz zahartzea, eta, oraingoz, ari naiz lortzen.

6. Inazio semea gogor dator; markak hobetuko dizkizun beldurrik?
Nola beldurra? Poz handia hartuko nuke. Sasoitsu ikusten dudan? 28 urte oraintxe eginda, sasoitsu egon beharra dauka. Dena den, galdera hari egitea nahiago nuke.

7. Noiz arte Goenkale-n?
Orain esan didate bukatzen zaidala. Hamasei urtean gauza polit asko erakutsi eta momentu polit asko biziarazi dizkit. Eskerrak eman eta kito. Faltan igarriko dut.

8. Bilbo aldeko kazetari batek egin zizun elkarrizketak hautsak harrotu zituen sarean. Nola bizi izan zenuen?
Egun komunikabideak zer diren esaten dit: elkarrizketa Interneten jarri eta hilabeteetara egin zuen eztanda. Hautsak hor daude beti; harrotutakoan konturatzen dira nolakoak diren.

9. Argi geratu zen historia kontuetan jantzia zaudela. Betiko grina?
Ez, duela bederatzi bat urte garai berezi bat bizi izan nuen eta Nafarroako azken mariskalaren istorioa ezagutzean hasi nintzen. Maliziaz edo ezjakintasunez egindako galderei erantzuteko prest egotea ere polita izango zela pentsatu nuen. Orain jakintza dut eta pozik nago.

10. Leitzan duzun Peru-Harri museoa da zure proiektu kutuna?
Harriaren inguruan ditudan sentipen eta bizipenak azaldu gura nituen. Egiten eta azaltzen, gozatzen ari naiz. Harriaz hitz egitean, gainera, herriaz ere ari naiz berbetan.

-------------------------

Makila magikoa baneuka: "Makilak, zoritxarrez, egurra ulerrarazten digu askotan; zigorra eta laguntza izan daiteke. Euskal Herrian badu beste izen bat: akuilua. Askotan, baina, lagundu beharrean gauzak okertu egiten ditu. Existitzen ez dela jakinda ere, makilatxo magikoa erabiliko nuke makilaren indarra erabiltzen dutenak indarrik gabe uzteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak