Prozesionaria kaltegarria izan daiteke gizakiondako. Gorputzean arantza batzuk ditu, eta hazkura handia sortzen duen erresumina delako sustantzia botatzen du. Animaliendako ere oso mingarriak dira, eta baita pinu, izei eta zedroendako: hostoak jan egiten dituzte, zuhaitza ia biluzik utzi arte.
Urteroko arazoa da, baina aurten, askoz lehenago heldu dela uste du Loidik: "Negua nahiko epela da, eta prozesionariari epeltasuna eta eguzkia gustatzen zaizkio. Horrek guztiorrek, prozesua aurreratu du".
Sentsibilizazio falta
Loidik uste du herritarrek ez daukatela arazoaren berri: "Sentsibilizazio gabezia dago. Zuhaitzetan poltsa zurixkak ikusi, baina ez dakite zer diren. Zaindu beharreko arazoa da". Baina nola? "Adarburuak edo zuhaitza bera moztuta. Herri guneko zuhaitzak ezin daitezke fumigatu", dio Loidik.
Hori eskatzeko bilera egin zuten Aretxabaletako udal ordezkariekin. "Badakigu hainbat herritar kezkatuta dauela, eta gu ere bai. Baina poltsa zuriak zuhaitzen goiko adarretan daude, oso goian, eta horiek mozteko garabia beharko genuke. Aztertu egin beharko dugu zenbateko kostua duen prozesionariaren arazoa konpontzea. Baina lanean gabiltza", esan digu Lore Martinez zinegotziak.
Foru Aldundian galdetu dugu eta esan digute herri barruan dauden zuhaitzak "Udalaren eskuduntzakoak" direla.