Ume lapurtuen kasua oso larria iruditzen zaie Eskoriatzako sozialistei. Eta gogoratu dute amarru hau argitu dadin lanean diharduten elkarteek emandako datuen arabera, Euskadin, 400 ume jaioberri lapurtuen kasuak zenbatu dituztela. Eta, gehitu dute, Gipuzkoan eman direla kasu gehienak.
Bihotz barik
1950etik 1990era bitartean, hau da, Espainiako gerra ostean hasi eta ia gaur egunera arte, ume jaio berriak lapurtzeko mafiak izan direla diote Eskoriatzako sozialistek. Espainiako iparraldean eta Hego Euskal Herrian eta baita Madril eta Valentzian eman dira kasu gehienak. Mafia hauek, modu "bihotz bareko eta zigorgabetasun" guztiarekin aritu zirela diote Eskoriatzako sozialistek. Era berean, diote, Francoren errepresioa baliatu zutela, mafia horiek osatzeko.
Eskaria erakundeei
Eskoriatzako PSE-EEk aurkeztuko duen mozioak sei puntu ditu. Horietan, sozialistek eskatzen diete euskal erakundeei konpromisoak har ditzatela amarrua argitzeko. Gipuzkoako Batzar Nagusiei eta Eusko Legebiltzarrari egiten diete eskaria; baita Espainiako Diputatuen Kongresuari ere. Zehazki, Ikerketa batzorde bat era ditzatela eskatzen die Gipuzkoako Batzar Nagusiei, lurraldean eman ziren ume jaioberri lapurtuen gainean "egia argitu" dadin.
Eliza Katolikoa
Era berean, amarruarekin zerikusia izan dezaketen ospitale publikoei eta Eliza Katolikoari, bereziki, Donostiako Gotzaintzari, eskatu nahi diete lagun dezatela kasua argitzen eta ume jaioberri lapurtuen elkarteekin batera lanean jardun dezatela. Espainiako Fiskaltzari ere neurriak har ditzala eskatuko die Eskoriatzako sozialistek mozio horren bitartez.
400 kasu EAEn
Eskoriatzako PSE-EEk dioenez, SOS Bebés Robados eta Anadir elkarteen arabera ume jaioberri lapurtuen 400 kasu dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskal Herriko Auzitegi Gorenak 200 kasu tramitatu ditu orain arte. Horietatik, 121 dagozkie Gipuzkoari, beste 48 eta 64 artean Bizkairi, eta 31 Arabari.