Megaupload efektua zabalduz doa eta Filesonicek ere eten du zerbitzua

Jon Berezibar 2012ko urtarrilaren 23a

Artxiboak sarean gordetzeko beste zerbitzu ezagunenetako bat bertan behera dago. Azalpen ofizialik ez dute oraindik eman baina "funtzionalitateak desgaituta" daude eta zerbitzua soilik "fitxategiak igo eta erabiltzaileak berak igotakoak jaisteko" erabili daiteke, guneko hasiera-orrian irakur daitekeen oharraren arabera. Biltegi zerbitzuak berez hartutako erabakia da itxura guztien arabera baina lotura zuzena duena Megaupload kasuarekin. Biltegiratzeko 10 plataforma erabilienen artean kokatzen da Filesonic, egoitza berez Hong Kongen duena baina zerbitzari ugari Estatu Batuetan.

Zer gertatuko da sareko biltegiratze zerbitzuekin? Hotfile, Rapidshare eta Mediafire dira ezagunenak eta hiru zerbitzuen etorkizuna zalantzan dago.

Hotfile diote dela jausten hurrengoa, salaketa eta epaiketa gehien izan dituen zerbitzua izanik.  Copyright urraketengatik salaketak izan ditu zerbitzu honek baina Miamiko epaile batek karguak bertan behera utzi zituen.

Rapidshare ezagunenetakoa izateaz gain, beteranoenetakoa ere bada eta honek ere makina bat salaketari egin behar izan die aurre. Alemaniar jatorria du enpresak baina oraindik herrialde horretako Justiziak ez du kondenatu, epai baten arabera, "zerbitzua ez delako gauza fitxategien igoera eskerga kontrolatzeko". Jatorriz alemaniarra bada ere, Suitzan daukate gaur egun egoitza Rapidsharekoek.

Mediafire da beste potoloetako bat eta berrienetakoa ere. Hileko 150 milioi erabiltzaile ditu webgune honek eta beharbada arriskutik gertuen dagoena da, egoitza Estatu Batuetan baitauka Mediafire-ek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak