Hezkuntzaren munduan dauka begirada jarria Applek. Steve Jobs zenak ere helburu eta interes estrategikoetan lehentasunezkotzat zuen eta hari buruzko biografia eta idatzietan behin eta berriz erakutsi da etorkizuneko planen barruan oso leku berezia gorde nahi ziola Jobsek hezkuntzarako tresnen garapenari. iPad tabeta izan zen lehen urratsa eta orain, eguenean egin zuten aurkezpenarekin, liburu interaktiboak sortzeko lanabesak ipini gura ditu eskuragarri. Gaur egun 1,5 milioi iPad erabiltzen dira mundu guztian zehar hezkuntzarako, Apple-en datuen arabera. iBooks 2 delako aplikazioa izango da guzti horren ardatza eta doan deskargatu daiteke App Storetik. Liburuak sortzeko iBooks Author tresna ere jaitsi daiteke, doan.
Liburuak berrasmatzen
Liburuak berrasmatzen, halaxe ipini diote izena egueneko aurkezpenari eta testu-liburuaren kontzeptu berria gura dute mahai gainean ipini, esandakoen arabera, liburu interaktiboak eta uneoro eguneratzen diren liburuak izango dira. Liburu digitalak dira, beraz, baina keinuen bitartez erabili daitezkeenak, bideoen eta irudien bitartez nabigatzeko aukera ematen dutenak, berehalako feedbackarekin. Materiala azpimarratu, bertan apunteak hartu edota kopiatu eta erabili egin daitezke iPad baten. eBook-a izan dena, orain iBook bihurtu gura dute, garapen berriarekin. Momentuz, Applek Estatu Batuetako hiru testu-liburu argitaletxe nagusiekin akordioa izenpetu du. Estatu Batuetatik kanpo liburu bakarra jaitsi daiteke momentuz, doan.