1975ean hasi zen lanean Gureak Taldea. Asko aldatu da azkeneko 36 urteotan?
Jendartea asko aldatu da eta geu ere bai. Edozelan ere, sorrerak zelakoak izan ziren gogoratzeak badauka zentzua. Duela ia 40 urte, gauzak oso zailak ziren guztiondako eta, jakina, are eta zailago, gutxitasunen bat zutenendako. Gaur egun baino zailagoak.
Gure bailararekin lotura zuzena izan du Gureak Taldeak sorreratik?
Bergaran lanean hasi zen talde bat. Lehenengo lortu zuten Aurrezki Kutxa Munizipalarekin, San Migel Patronatua sortzea. Eskola bereziak antolatu zituzten Gipuzkoa osoan; 15 eskola. Baina horiek heltzen zihoazen neurrian, hurrengo urratsa izan zen ikasle horiek lan merkatuan sartzea eta hala sortu zuten Gureak. Bergaran eta Donostian. Errege Seminarioan, Bergaran. 1975ean izan zen hori. Jose Antonio Zabala Bergarako alkate zena izan zen sortzaileetako bat.
Ze eratako ezgaitasuna dute zuen taldean lanean dihardutenak?
Hasiera hartan, Gureak taldeak Atzegirekin zeukan loturarengatik, batez ere gutxitasun intelektuala zutenendako antolatu zen. Gaur egun ere, horiek laneratzea da gure helburu nagusia, baina jendartea aldatu egin da eta gu egokitu egin gara. Gizarte politikak ulertzeko moduak ere aldatu egin dira. Hazten jarraitzeko ahalmena izan dugun neurrian, lanpostuak sortuz, beste gutxitasunen bat zutenei ireki diegu atea. Une honetan, Gureak Taldean gaixo mentalak, gutxitasun fisikoa dutenak, gorrak…, denetik dugu. Gure bezeroek aukerak ematen dizkiguten neurrian, egoera berrietara egokitzen goaz.
Ze sektoretan egiten duzue lan?
Gipuzkoa kultura industrialeko lurraldea da, eta duela 40 urte, askoz ere gehiago zen. Sorreran, bailara bakoitzean lan gune edo tailer bat abiatzea izan zen erronka. Bergaran lehena, baina, hortik aurrera, lurralde osoan barrena. Hori izan zen hasierako helburua. Tailer haietako bakoitzak, bere inguruko enpresekin erraz sortu zitzakeen loturak, lanak eta negozioak. 80ko industria krisia gogorra izan zen eta prozesu horrekin batera geu ere hasi ginen zerbitzuen alorrean lanean, gure eskaintza dibertsifikatu egin genuen. Gureak Taldean, langileen erdiak baino gehiagok zerbitzuetan dihardu gaur egun. Industria garrantzitsua da, baina ez sorreran bestekoa.
Zehaztu dezakezu?
Lorezaintzan, marketingean, garbitasunean, ostalaritzan… dihardugu. Esaterako, bailara honetan, Garaia Ikerkuntza Gunean badugu jatetxe bat; Aretxabaletako zaharren egoitzako garbitasuna geure esku dago; Oñatin, Zubillagako gasolindegia geuk eroaten dugu, Repsolekin batera; Gupostekin, Olandixon, bereziki Euskadiko Kutxarako egin izan dugu lan asko; Arrasateko Udalari zerbitzu batzuk eskaintzen dizkigu lorezaintzan. Bestalde, Goienetxe Fundazioarekin eguneko zentro bereziekin bagabiltza. Kutxa Zeharo ere badugu, Kutxarekin batera, Arrasaten… Zailtasunak, zentzu zabalenean ulertuta, dituzten pertsonak lan merkatuan sartzea da gure helburua.
Zenbat lagun daude lanean Gureak Taldean?
4.000 bat. Horietatik, 388 daude bailaran. %90 dira gutxitasunen bat dutenak. Eta horien erdia-edo, gutxitasun intelektualekoak. Gaixo mentalak ere gero eta gehiago dira, erakunde publikoek eskatzen digute egitea ahalegina eta horiek ere baditugu.
Eta zenbat lantegi ditu?
Oso banatuta daukagu langile taldea. Zerbitzuetan 2.000 baino gehiago badira, ez daude denak leku berean. Hainbat tokitan sakabanatuta dauzkagu. Industria lantegiei dagokienean, Donostian dago handiena. Baina, Arrasaten, Bergaran eta Tolosan ere, 100 lagunetik gorako tailerrak ditugu.
Berez, Gipuzkoan sortutako taldea da, baina Gipuzkoatik kanpo ere lan egiten duzue?
Bai, baina gure bezeroen dinamikek eroan gaituzte kanpora. Esaterako, Gasteizen, Nafarroan, Guadalajaran edo Leonen, beste erakunde batzuekin batera egindako akordioei esker. Baina, gure izateko arrazoia Gipuzkoa izan zen sorreran eta gaur egun ere hala da.
Espainian bada Gureak Taldearen modukorik?
Gu sortu ginenean Europan bazen eredurik. Bigarren Munduko gerraren ostean, milaka eta milaka elbarritu geratu ziren eta horiendako soluzio bila, gurearen estiloko erakundeak sortu zituzten. Nik uste dut Holanda erreferentzia izan zutela Gureak sortu zutenek. Katalunian ere bazen antzeko eredu bat Tarrasan. Egia da, edozelan ere, Gipuzkoan aurre hartu geniola. Gero, 1982an, Demokrazia berrezarri eta lege berriak sortu zituztenean, forma eman genion gure erakundeari, moldatu egin genuen. Orduan ere, Euskadin eta Katalunian hartu genion aurrea. Punta-puntan gaude. Gaur egun lanera doan gipuzkoarren %1 Gureak Taldekoren batera doa. Horrek markatzen digu neurria. Urte oparoetan ere zailtasunak dituzte gutxituek lana topatzeko eta krisi denboretan, areagotu egiten da hori.
Zuen tailerretan zer egiten dute langileek?
Debagoienean, autogintzarako dihardute lanean, batik bat, hemengo tailerretan. Etxetresnetan ere bai, sasoi batean. Espezialdu gara kableari lotutako muntaietan. Esaterako, abenduan Bergaran ireki genuen plantan, kablea tratatzen espezializatu dira. 32 lagunek egiten dute lan makina nahiko sofistikatuekin. Autoen faroetarako, airbagetarako edo klaxonetarako erabiltzen dira. Bergaratik irteten diren kableetarako, Gipuzkoa osoan daude 400 lagun muntaketa lanetan.
Non daude zuen bezeroak?
Multinazional handiak, Bosch-eta… Mundurako egiten dugu, ez Espainiarako bakarrik.
Gure bailara erreferente da Gureak Talden ere?
Historia da. 1972an-edo hasi zen lehen tailerra Bergaran, artean taldea sortu barik zela. 1990ean, igaro ginen Labegaraietako industrialdera, instalazio on batera. 2011n ireki dugu pabilioi berria… Arrasaten ere, nahiko justu gaude Musakolako instalazioetan eta Udalak egin berri du akordioa aldamenean dituen lokal batzuk Gureak Taldeari gehitzeko. Aurreko agintaldian aurreratu zuten lan hori eta oraingoan zehaztuko da Hori berri oso ona da.
Zaila da gutxituekin lan egitea?
Zintzo lan egin behar dela onartzen duten langileak dira, diziplinadunak… Langile onak dira. Bestalde, pertsona bakoitza mundu bat da. Gutxitasun fisikoa duen karreradun bati edo down sindromedun bati ez diogu berdin exijituko. Lan aukerak behar ditugu horretarako.