Kontsumorako teknologiaren egutegia urtarrileko bigarren astean hasi ohi da, Las Vegaseko CES feriarekin. Nazioarteko azoka horretan aurkezten dituzte ekoizle nagusiek urterako apustuak eta aurten ere halaxe egin dute. Hiru dira 2012ko interesguneak teknologiari dagokionez, telebistak, ultrabook ala ordenagailu eramangarri ultra-arinak eta dena lainora igotzea.
Telebista inteligenteak
Telebistan barruan bete-betean sartu eta jaun eta jabe bihurtuko da Internet aurten, bai teknologiari zein edukien hornikuntzari dagokienez. Telebista ikusi eta ikusten dena aukeratu, programatu eta partekatzeko moduak aldatuko dira baina gailuaren kontrolean ere iraultzak etorriko dira urrutiko-kontrol garatuekin. Telebista gailua bakarrik ez, etxeko tresnak ere Internetera lotu eta lainoan funtzionatzea bilatzen da, guztia sakelakotik, tabletetik ala ordenagailutik kontrolatuta. Jarraian duzue CES azokan aurkeztutako produktuetan interes gehien piztu duten bost gailuen aurkezpena.

LG Magic Control
Telebista ikusteko bai, baina nabigatzeko, erosketak egiteko ala sare sozialetan ibiltzeko gune nagusia bihurtzeko bidean da. Urrutiko kontrol garatuak ibili dira aurkezten marka nagusiak eta denetatik LG etxearen honek eman du zeresana. Botoi gutxi dauzka eta gauza da ahotsa eta aurpegiak errekonozitzeko eta keinuak ulertzeko.

Samsung ES 9000 OLED telebista
Pantailarik onena eta finena nork aterako da lehia eta badirudi momentuz aurrea Samsungek daukala hartua pantaila honekin. 4 milimetroko lodiera besterik ez dauka pantailak eta, OLED teknologiarekin, kolore naturak eta kontraste ezin hobeak eskaintzen ditu. Paintailaren ertza ere ia begiarentzako ikusezina da milimetro bateko da-eta.

Fujifilm X-Pro1 argazki kamera
Kamera digitaletan puntako joera espilurik gabeak eta objektu aldagarridunak dira. Fujiren azken modeloak hori lortu du baina tamaina ezin txikiagorekin, pisu gutxirekin eta muturreko kalitatea eskainita. Erabilera askodun kalitatezko kameratan dabil Fuji espezializatzen, argazkilaritza zaleak erakartzeko nahiarekin.
Sony Xperia S sakelakoa
2012ko Android sistemadun lehen mugikorra aurkeztu du Sony etxeak, Ericsson konpainia erosi eta gero. NXT gama berria aterako dute aurten. Diseinu soil eta sendoarekin, Sonyk ondo baino hobeto kontrolatzen duen teknologia gehitu dio gailuari: 12 megapixeletako kamera eta Bravia telebista pantailen teknologia.
HP Envy 14 Spectre
HP etxeak eramangarri ultra-arin eta ultra-azkarrak aurkeztu ditu eta modelo hau da uneko izarra.
HP Spectre honek ultrabooken zaugarri guztiak bete eta gainditzeaz gain, azaleraren kristalean diseinu berezia dauka eta itxura aldetik ikusgarri eta bereizgarria, Gorilla Glass kristal mota berriarekin.