Mendiko eski irteerak hasiko dituzte Pol-Polekoek Zurizan

Xabier Urtzelai 2012ko urtarrilaren 13a

Pol-Polekoek proposatuta animatzen diren mendizaleak Zurizara joango dira urtarrilaren 21eko eta 22ko asteburuan, mendiko eskia egitera. Hori izango da mendi taldetik 2012ko egutegira begira prestatu duten lehen irteera. Guztira 4 mendi eski irteera egingo dituzte.

Irteera horretan, zapatuan, Atxeritora (2.378 m) igotzeko asmoa dute, eta domekan Chinebral de Gamuetara (2.329). Izena emateko azken eguna urtarrilaren 17a da, martitzena, eta egun berean batzarra egingo dute irteeraren gainean berba egiteko.

Besteak beste, elur eskasiagatik irteera aldatzeko egon daitekeen aukeraz egingo dute berba; horrenbestez, batzarrera joatea gomendatzen dute (19:00etan, Pol-Poleko bulegoan).

Kontuan hartzekoak

Mendi eskiko irteera horietan parte hartzeko hainbat gauza izan beharko dira garbi: taldean egiteko irteerak izango dira, ez lasterketak, eta inor ez da bakarrik geldituko mendian; eskiatzen jakitea beharrezkoa izango da, ondo biratzen jakitea; jendeak material egokia eraman beharko du, eta derrigorrezkoa izango da federatuta egotea. Informazio gehiago jasotzeko, jo bulegora.

"Taldean egiteko irteerak izango dira ez da lasterketa bat izango, mendiaz neguan gozatzeko aukera bat da, ez norgehiagoka bat" diote Pol-Poletik.

Behar den materiala

  • Mendi eskiko taulak eta lokailuak.
  • Mendi eskiko botak.
  • Larruak.
  • Makilak.
  • Mendiko eskiko hortzak.
  • Kaskoa.
  • Segurtasun materiala: pioleta, kranpoiak, ARVA, sonda eta pala. Oso Oso-oso gomendagarriak dira, bai zure segurtasunerako bai eta zurekin doazen lagunen segurtasunerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak