PPren gobernu berriaren lehen neurrietako bat izan da. Lege berriarekin webguneen itxiera kudeatzeko batzordeari funtzio gehiago eman zaizkio eta aurreko testuan ere ematen zitzaizkion bitartekaritza eta arbitraje lanez gain “jabetza intelektualaren eskubidea babesteko ekimenak” ere abiatu ahal izango ditu batzordeak. Hala, batzordeak bi atal izango ditu. Batek bitartekaritza eta arbitrajea egingo du, epaitegietara jo barik konpon daitezkeen kasuetarako. Bigarrenak “egile eskubideen defentsarako” egingo du lan eta alde baten salaketatik abiatuta jardungo du administrazioarekiko auzietarako epaitegi zentralaren interbentzioarekin. Bigarren atal honek, testuan azaltzen dutenez, erabiltzaileen aurka barik, “Informazioaren Gizarteko zerbitzu-emaileen” aurka egingo du eta “edozein kasutan, zuzenean ala zeharka, salatuak irabazi asmoekin jardun duela” frogatu beharko da edo “egile-eskubideen jabeari ondare-kaltea” egin zaiola argi geratu.
Edukien kopia pribatua
Martxoan Auzitegi Nazionalak kanon digitala delakoa baliogabetu eta gero, gobernu berriak kopia pribatuaren konpentsazio sistema jarriko du indarrean, PPk hauteskunde programan agindu bezala. Sistema berria aurki zehaztuko dutela diote eta errege-dekretu baten bitartez egingo da.