Ireki dituzte autobideko zerbitzuguneak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 4a

Urte berriarekin batera, ireki dituzte AP-1eko bi zerbitzuguneak, Arrasatekoa eta Eskoriatzakoa. Hala, Eibar-Gasteiz autobideak zerbitzugune bana izango ditu aurrerantzean, norabide bakoitzeko bana. Atzo, martitzena, ireki zuten Arrasatekoa (Oxinalde) eta gaur Eskoriatzakoa (Uztarreta).

Momentuz, gasolina-gunea eta denda egongo dira zabalik, 24 orduz, autozerbitzu sistemaren bidez. Jatetxe zerbitzua apirilerako izango da prest.

AP-1eko zerbitzuguneak zein Donostiako Bigarren Ingurubidekoak 2007an esleitu zizkion Bidegik Repsol Comercial de Productos Petrolíferos SA enpresari. Bere filialaren bidez kudeatuko ditu ehuneko ehunean, Campsared enpresaren bitartez. Jatetxe zerbitzuak Cafestore enpresari esleitu zizkion Repsolek.

Auto-karabanak aparkatzeko

Ohiko erregaiez gain, ibilgailu hibridoentzako petroliozko gas likidoa, eta kamioientzako Adblue gehigarria ere eskaintzen dira. Bi zerbitzuguneetan, auto-karabanetako hondakinak husteko gunea izango da. Gainera, kamioiak, turismoak eta auto- karabanak aparkatzeko lekua ere badago.

Segurtasun arrazoiak direla eta, 22:00etatik 6:00etara erregai horniketa aurre-ordainketa bidez izango da, eta dendako salmenta, berriz, leihatila bidez.

Horrez gain, ibilgailuak garbitzeko gunea eta presio bidez garbiketa egiteko boxak ere erabil daitezke Arrasateko zerbitzugunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak