Debagoieneko tobera abenduaren 28an egingo dute, Amaia antzokian, 19:30ean. Sarrerak 7 eurotan daude salgai Arrasateko Ttukun fotokopia-dendan eta Kajoi tabernan; Bergarako Gracian mertzerian eta Bule tabernan; eta barrabarra.eu atarian.
Kulturgintzatik sortutako ideia
Bagarako kulturgintzako sustapen taldetik irtendako ideia da tobera. "Iñaki Urruzola, lasartearra, Santa Anako toberan ibilia da eta esan zigun eurek badutela horrelako artefaktu sozial bat, herri mailako bizitza saneatzeko baliagarri dena. "Debagoienean badauzkazue eduki eta debate mailan nahiko maila interesagarria. Zergatik ez dugu Tobera bat egiten?' esan zuen Urruzolak", azaldu du Iraitz Agirrek, Bagarako kideak.
Azkeneko bi urteetan Bagararen inguruan ibili diren 15 bat lagunen elkarrizketatan oinarritu da toberako gidoia. "Etxeko lana izan zen: ze lau akusazio egingo zenizkioke Arrasateri eta ze lau argudio?", dio Agirrek. Hortik egin dute gidoia.
Aktore ez profesionalak
21 lagun ibiliko dira antzezten –aktore ez profesionalak–, baina herritarrak ere kontuan hartuta 60 bat lagun igoko dira taula gainera.
Toberaren inguruan beste lagun batzuk ere ibili dira: adibidez, Aitor Sarasua bertsolariak Arratus Kanpazaris bertsoak jarri dizkio herri antzezlanari.
Ez ohiko batzarra egingo dute egubakoitzean
"Bergarak auzitara eramango gaitu. Zer egin behar dugu horren aurrean?", ezohiko batzarrean argitu beharko dela azaldu dute Agirrek eta Trojaolak. Egubakoitzean, hilak 23, 18:00 inguruan kalean ibiliko dira informazioa banatzen eta 19:00etan ezohiko batzarra egingo dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan, ezohiko alkatearekin, ezohiko zinegotziekin... Arrasateko abokatuak herriko eragileei azalduko die Bergarak zelako "ofentsa" egin dien.