Zela hasi zineten Debagoieneko Tobera-rekin?
Tolosarra naiz, baina luzaroan Lasarten bizi izandakoa, eta Lasarten Tobera egiteko tradizioari eutsi egin zaio urteetan. Joan den mende hasieran egiten zen eta urtero-urtero egiten da, gerra ostetik. Iparraldean dauka jatorria. Hala, Bagarako Kultura sorgunekoei planteatu nien, gustatu zitzaien ideia eta aurrea egin genuen. Lasarten, Santana parodia deitzen diogu Tobera mostrari. Herri antzerki honek badauzka beste deitura batzuk ere Iparraldean: Libertimendua, Astolasterrak, Karrusak…
Zer da, funtsean?
Epaiketa bat. Epaile bat, fiskal bat eta abokatu defendatzaile bat daude. Idazkaria, prokuradoreak, estamentu ezberdinak, eta baita herri pertsonaiak ere. Eta auzi bat. Epaitzen den kausa bat. Gero, desfile bat egiten da. Badago dei bat, kalean barrena egiten dena, hau da, anuntziatu egiten da epaiketa. Ikusmira bat sortzen da eta, teorian, giza populuak badauka jakingura han juzgatuko denaz.
Zeintzuk dira bere ezaugarriak?
Herri antzezpena da eta ezaugarri nagusiak dira kritika soziala, ironia, umore klabean eta kariñoz egindakoak, modu eraikitzailean, baina esan beharrekoak esanda. Hizkuntza ezberdinak erabiltzen dira, baina %95ean euskaraz egingo da eta bertako euskalkiak errespetatuz.
Bat dator, erabat Bagararen helburuekin?
Bai, uste dut baietz. Bailara honek izan du garapen handia, baina belaunaldi aldaketa dator eta horrek badauka berrikuspena egin beharra. Kritika egin beharra. Betiere, zentzu positiboan, eraikitzailean, hobetzeko asmoarekin, greziar erara.
Bagararen kultur sorkuntzaren barrutik atera da?
Bai. Bagarak hamar bat lan lerro baditu, prozesu esperimental eta ireki moduan planteatuta daudenak. Diagnostikoa egin da, lanketa txukuna egin da… Gure lan taldean topo egin genuen elkar ezagutzen ez dugun kideok. Apurka-apurka mamitzen joan zen dena eta aurten antzeztea erabaki genuen. Iraitz Agirre, Iker Barandiaran, Iban Arantzabal, Eneko Barberena eta ni neu izan ginen ernamuina. Eta, gero, forma eman diogu guztiari eta jendea batzen joan da egitasmora.
Tobera, beste toki batzuetan, hemen edo Bizkaia aldean-edo egin da?
Uste dut Zalduondon antzeko zerbait egiten dela inauterietan, Markitos-edo izenekoa, baina, urtero-urtero, modu sistematizatuan, ez dut uste. Lasarten, bai, han, 1.000 bat lagun batzen gara plazan.
Gaia, jolasteko aukerak, zela aurkitu zenituzten?
Bagarak kooperatibismoari egiten dio kritika eraikitzailea. Bestalde, Arrasatek badauka izen bat, esangura bat, bada erreferentzia hainbat alorretan. Hortaz, kooperatibismoaz eta Arrasatez jardutea erabaki genuen.
Zer epaitzen da, hortaz?
Arrasate, herria bera. Arrasatek, sinbolikoki, daukan esangura, zentzu ezberdinetan: kooperatibak, Astore, Ternua, janzkera, punkyak, euskalgintza, Caja Laboral, Lagun Aro… Modu sinboliko batean, garbigailu eta hozkailu bat epaituko dira. Amaituko dugu garbigailu bat erretzen, puskatzen.
Nork epaitzen du?
Bergarak epaitzen du Arrasateko herria. Zergatik? Bergarak ere badaukalako esangura berezia. Historikoki, herri inportantea izan da bailaran eta Euskal Herrian. XIX. mendean eta aurretik ere bai. XX. mendean tokatu zaio Arrasateri. Baina, lehen garbigailuak Bergaran egin ziren; ehungintza sektoreak inportantzia handia izan du; emakumeak lantegietan jarduten zuten; Errege Seminarioa; lehen Injinerutza eskola… Bergararra ez da edozein, edo, behintzat, hala uste du. Hortaz, abokatua arrasatearra da, Eneko Barberena, eta fiskala, berriz, Bergaran luzaroan bizi izandakoa, Ainhoa Agirreazaldegi. Epailea, berriz, Mikel Irizar, bi herriak ondo baino hobeto ezagutzen dituena, baina ez dena ez batekoa eta ez bestekoa.
Non dago Toberaren arrakasta?
Herria prest egon behar da bere buruaz barre egiteko, baita antzezten dutenak ere. Beren rola onartzeko.
Zenbat lagun diharduzue?
35-40 bat-edo, baina muinean, 15 bat.
Noiz estreinatuko duzue?
Hil honen 28an, Amaia antzokian, Arrasaten, 19:30ean. 7 eurotan salduko dira sarrerak.
Ze espero duzue?
Gauza berria da hemen, nahiz eta Iparraldean tradizio handikoa izan eta, hegoaldean, Lasarten ere bai. Orain, saiakera egin dugu Tobera beste bailara batera ekartzen. Jendeak serio egingo du bere lana, baina nahi digu aldarte onean egin guztia. Eta ikusleari barrea sorraraztea. Ez, akaso, barre algara, baina bai, luzaroan eutsiko dioen barrea. Ironia, satira, txantxa, bizi-poza…
Ondo ateratzen bada, jarraipena izango du aurrerantzean?
Bai, gustura geratzen bagara, taldeak ondo pasatzen badu…, datorren urtean beste herri batean egingo digu.
Libretoa ikus-entzuleen artean banatuko duzue?
Asmoa izango litzateke, antzeztu ondoren, sarean-edo jartzea, nahi duenak eskuratzeko.
Zer lortu nahi duzue honekin guztiarekin?
Batetik, geuk ondo pasatzea. Bestetik, jendea ohartaraztea hemen badagoela tradizio bat, herri ohitura bat eta hori berreskuratu nahiko genuke, hori ezagutarazi.
Dokumentazio lana zelakoa izan da?
Zehatza. Gidoia ondo lantzen saiatu gara. Alde horretatik, ez da alua. Dokumentatzeko, hainbat iturri erabili ditut, baina garrantzitsuak izan dira hemen inguruko jendearekin izan ditudan solasaldiak. Eskatu nien akusazioak egitea euren buruari, euren inguru hurbilari, familiari, herriari, ondoko herriari… Materiala izan dut. Eta baita jendea, borondatea izan duena proiektuarekin aurrera egiteko.
Publikoaren aldetik parte hartzea bultzatuko duzue?
Beno, egon daiteke zerbait, baina, esaterako, pertsonaia surrealista bat ere izango dugu. Asto bat, benetakoa, aterako dugu taula gainera. Astoa izango da protagonista bat. Eta, bestetik, egongo dira Nazioarteko begiraleak; bai, geuk ere izango ditugu. Epaiketa benetan gizalegez gauzatzen dela bermatzeko. Bailaratik kanpokoak izango dira, baina harremana izan dutenak edo dutenak bailararekin. Euskal Herriko pertsona ezagunak, prestigiodunak. Esate baterako, Josu Zabala, Hertzainak taldekoa. Herri epailea ere izango da. Azkenean, herriak emango du epaia.
Eskuzabala izan da jendea?
Bai, bai, bai… Oso engaiatua da, konpromiso handikoa. Inoiz antzezten ibili bakoak dira gehienak. Konpromiso sozial handikoak dira. Eta opari bat egin nahi diote euren buruari eta herritarrei, besteak beste, parodiatuz euren burua.