1. Zer geratzen da 18 urterekin Radio Euskadin telefonista moduan hasi zen neska hartaz?
Gauza asko. Neska hori hor dago eta beti egongo da: ilusioa, gogoa, samina... Orain, baina, adinak ematen duen plusarekin eta esperientziarekin.
2. Zer zuen Aire Aire-k, 15 urte igaro eta gero oraindik ere askoren oroitzapenetan egoteko?
Oso formula ona zen; momentu hartan gauza batzuk haustea lortu genuen; esaterako, estetika. Askotariko edukiak genituen, baina norentzat zen ahaztu gabe: euskaldun jendearentzat.
3. Aurkezle izatetik tertulietara.Non erosoago?
Denetan, oso ezberdinak dira. 98an telebista utzi nuen, egonkortasun bila. Orain, enpresaria naiz, eta gustura nabil horretan eta baita tertuliakide moduan ere. Gauza bat argi daukat: sekula ez dut egingo sentitzen ez dudan zerbait.
4. Tertulietan askotan egin behar izan diozu koska mihiari?
Gutxitan, eta horri akatsa deritzot. Denborarekin ikasi egiten da eta saiatzen naiz platoan sentitzen ditudan erneguak han uzten. Baina askotan kosta egiten da.
5. Pasioa da Ainhoa Goikoetxea definitzeko hitzik aproposena?
Bai, hori esaten didate lagunek. Ama ondarrutarra dut eta esaten diot hori odolean daramadan kostako kresala dela.
6. Tertulia polemiko baten ostean, nola erlaxatzen zara?
Tabernarekin denboraz justu ibili arren, hartzen ditut tartetxoak: gimnasioa, oinez ibiltzea, igeriketa... Kontua da pentsatzea nork bere ideiak dituela, eta errespetatzea; tertuliakide gehienekin lagunartea osatu dut. Egia da beste batzuekin ez dudala feeling-ik.
7. Telebistan ematen duzun itxurak eragina du kalean?
Gehienetan, oso ondo hartzen nau jendeak. Egur handiagoa emateko ere esaten didate! Gutxitan, baina izan ditut entzun beharrak ere; kostatu arren, jaramonik ez egiten saiatzen naiz.
8. Asko hitz egin da EITBn azken bi urteetan egon den aldaketaz...
Momentu baten gauzak oso gaizki egin ziren, hor daude audientziak. Nire ustez, Urrusoloren aldia izan zen txarrena; utzi egin nuen. Orain, Ni más ni menos-en pluralitatearen aldeko apustua egin da eta audientzia ari da erantzuten.
9. Bilbon duzu taberna, eta Donostian izandakoa zara. Gau giroan alde handia dago bi hirien artean?
Biak hilda daude, eta ez krisiagatik bakarrik. Ordutegi finkoek eta edukieraren legeak min handia egin zuten bere garaian.
10. Zu zeu trago batera gonbidatu beharko bazintugu...
Orduaren arabera: egunez, txakolina pintxo batekin, edo Martini bat. Gauez, gintonik eder bat.
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Argi daukat, eta horrekin dena konponduko genuke: gustatuko litzaidake, barru-barrutik, Ibarretxe lehendakaria bueltatzea, eta harekin batera, lehen zeukan talde osoa. Talde hori Legebiltzarrean eta Ajuria Enean jarriz gero, Euskadi aurrera aterako genuke bi egunean".